Azken urteetan herrian izan den afera nagusienetariko bati amaiera eman diezaiokeen akordioaren berri eman du gaur goizean Zestoako Gazte Asanbladak: herriko "gazteen antolakuntzarako" espazio izango den gaztetxe berria lortu du taldeak, udalarekin ados jarri ondoren.
Asanbladako kideek beren espazio berria izango denaren atarian egin dute gaur agerraldia, Axun Arrazola plazan. Haien arabera, "urte luzez" ZGAk egin duen "borrokari esker", gaztetxe zaharrak zituen "gabeziei" erantzungo dien espazio berri baten proposamena egin zien udalak "duela aste batzuk". Elizarena den eta 2023ko otsailetik okupatuta duten Zentroa gaztetxean jarraitzeko zituzten "zailtasunak" aintzat hartuta, proposamena onartu eta eraikin horretatik irteteko erabakia hartu dutela jakinarazi du taldeak, honako arrazoi hauek bultzatuta: "Batetik, Elizak hasieratik gurekin negoziatzeko borondaterik ez du izan; eta bestetik, irailaren 11rako zegoen ezarrita desalojo data berria".
Zentrokoaren aurretik zuten gaztetxearen eraikin berera, Kultur Etxekora, itzuliko da asanblada, han kokatuko baita gaztetxe berria, beheko solairuan, Gurutze jubilatuen elkartea dagoen lekuan –elkarteak taberna itxita du egun–. ZGAren arabera, jaso duten proposamenak aurrez abiarazita zuten lekualdatze prozesuaren helburuei erantzuten die, espazio horrek gaztetxe zaharrak eragiten zizkien "gabeziak" gainditzea zein egungo asanbladaren jarduna "modu egokian" aurrera eramatea ahalbidetzen baitie gazteei. Horrez gain, gaztetxe berria izango dena lortzeko udalak konpromiso orria sinatuta duela adierazi du ZGAk, eta trantsizioaren inguruko xehetasunen inguruan hitz egiteko, udalarekin elkarrizketetan jarraituko du datozen hilabeteetan.
Asanbladak azpimarratu du azken urteetan saretu duten antolakuntzak egin duela posible "borroka", eta ez leudekeela egungo egoeran jasotako elkartasunik gabe. Hori hala, bide berean jarraituko dutela berretsi dute: "Garbi dugu borroka guztiak merezi izan duela, eta aurrerantzean ere gazteon borrokarako grinari eutsiko diogu". Hori hala, eskerrak eman dizkie Zentroko gaztetxeak izan duen ibilbidean lagundu eta babesa eman dieten guztiei, batez ere azken urteetako borrokan alea jarri duten Euskal Herriko gaztetxeei, gazte asanbladei zein Defentsa Komunitateari, eta elkartasuna adierazi die "borrokan" diren Zornontzako, Burlatako eta Lizarrako gaztetxeei ere. Ordea, gogora ekarri dute Zentroko okupazioaren harira Elizaren aurka izan duten auziaren ondorioz, 6.500 euroko kalte ekonomikoari aurre egiten jarraitzen dutela. Horregatik, asanbladak antolatutako ekintzetan parte har dezaten dei egin diete herritarrei.
Udalak, akordio bikoitza
Gazte asanbladarekin ez ezik, Elizarekin ere ados jarri da udala. Mikel Arregi alkateak GUKAri jakinarazi dionez, Eliza "prest" dago Zentroa eraikina hari uzteko, eta horretarako aurre-akordioa egina dutela adierazi du hark.
Era berean, jubilatuen elkartearekin ere hitz egin duela azaldu du alkateak, eta aurreratu du asmoa dela elkarte hori Zentroa eraikinera lekualdatzea: "Finean, herriko ekarpen sozio-kulturalerako gunea izango da eraikina, eta jubilatuen jardunerako eremua goian dauden bulegoetara pasatu nahiko genuke". "Zirriborro orokorra" egina izanagatik, dagozkien kudeaketak egiten eta proiektuari forma ematen hasiko da udalak: "Horretarako herriko eragile desberdinekin hitz egin nahi dugu, udalak lagapenean jasoko duen eraikinak izan behar duen funtzioak zehatz ditzagun".
Aurreko gaztetxean "segurtasun eta zarata arazoak" zeudela azpimarratu du alkateak, eta lortu duten akordioarekin udalak "eremu interesgarria" eskuratuko duelakoan da hura. Era berean, gaztetxearen aferari "irtenbide duina" emango diotela azaldu du hark.
Bestalde, alkateak adierazi du erdietsitako akordioa ez dela "oraingo kontua", erakundeak Elizarekin eta ZGArekin egindako "elkarrizketa askoren emaitza" baizik.