Zestoako kultur azpiegiturei buruz hausnartzeko lanketa hasiko du udalak

Ane Olaizola 2025eko urriaren 21a

Zestoako Kultur Etxea, kanpotik. (Guka)

Udalaren arabera, batez ere Kultur Etxeari buruzko "hausnarketa sakon bat egiteko eta zenbait eraldaketa egiteko" unea da, eta horretarako lehen saio irekia antolatu du hilaren 29rako.

Herriko kultur azpiegiturari buruz hausnartzeko saio irekia antolatu du Zestoako Udalak hilaren 29rako. Izan ere, erakundeak azaldu udal gobernuak "aspalditik" dabilkiela eskuartean herriguneko kultur azpiegiturei buruzko hausnarketa, eta bereziki Kultur Etxean duela jarria "lehentasuna". Gai hori lantzeko prestatu du udalak bilera, eta hurrengo asteazkenean, 19:00etan Kultur Etxeko areto nagusian elkartuko dira.

Udalak azpimarratu du "urte asko dituen azpiegitura" dela Kultur Etxea, eta "ahal den bezala" erantzun diela orain arteko kultur erronkei; ordea, haren arabera, iritsi da  "hausnarketa sakon bat egiteko eta zenbait eraldaketa egiteko" momentua, beti ere, kontuan hartuta erakundeak duen ahalmen ekonomikoa.

Urtea amaitu aurretik bizpahiru saio egiteko asmoa du udalak, eta lanketa Kultur Etxetik abiatuko badu ere, ez du baztertzen "azterketa zabalagoa" egitea.

Herriko kultur eragileekin eta azpiegituraren erabiltzaileekin landu nahi du udalak gaia, baina azaldu du herriko eragileek ez ezik, interesa duten herritar guztiek parte har dezaketela. Era berean, gaiak duen garrantzia azpimarratuta, lanketan parte hartzeko "ahalegin berezia" egiteko eskatu diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide