Argiolak hilaren 11n aurkeztuko ditu Iraetan proiektu fotovoltaiko berriak

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 6a

Argiolak urriaren 2an Alonderon egin zuen aurkezpen batzarra. (Aitziber Arzallus)

Iraetan bertan eta Zestoako herrigunean jarri nahi dituzten instalazioen gaineko xehetasunak emango ditu energia kooperatibak datorren asteartean, Gure Ordeka elkartean. 

Aizarnan eta Arroabean egin bezala, Zestoako herrigunean eta Iraetan ere plaka fotovoltaikoen instalazio komunitarioak jartzeko egitasmoa martxan du Zestoako Argiola energia kooperatibak, eta horiek aurrera eramateko bazkide bila ari da.

Zestoan eskolako eta brigadaren lokaleko teilatuetan, eta Iraetan futbol zelaiko aldagelen eraikineko teilatuan jarri nahi dituzte eguzki plakak Argiolakoek, toki horien bueltan bi kilometroko erradioan bizi diren eta proiektuarekin bat egin nahi duten herritar guztien etxeetara energia garbiagoa eta modu hobean helarazteko helburuarekin.

Joan den urriaren 2an aurkeztu zuten proiektua Zestoan, eta orain, Iraetan gauza bera egingo dute Argiolako kideek; Iraetakoa izango da da, gainera, bietan instalazio handiena. Datorren asteartean, azaroaren 11n, egingo dute proiektuaren gaineko xehetasun guztiak azaltzeko aurkezpen batzarra Iraetako Gure Ordeka elkartean, 19:00etan, egitasmoan interesa duten Iraetako zein inguruetako herritar guztiei zuzenduta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide