Argiola Zestoako energia komunitate eta kooperatibak beste bi proiektu abiarazi nahi ditu Zestoan, eta horretarako, bazkide gehiago behar ditu. Kooperatibaren arduradunek joan den astean azaldu zizkieten herritarrei proiektu horien nondik norakoak, oraindik gauzak zehazteke dituzten arren. Proiektu horietako bat, handiena, Iraetako futbol zelaiko aldagelen eraikinaren teilatuan joango litzatekeela esan zuten, eta bestea, txikiagoa, eskolako teilatuan edo brigadak erabiltzen duen eraikinaren teilatuan; txosten teknikoen zain daude kokapena erabakitzeko.
Proiektu horiek abiarazteko, baina, bazkide gehiago behar ditu kooperatibak, eta bazkide horiek izan daitezke norbanakoak zein negozioak. Hori bai, proiektu fotovoltaiko bakoitzeko gehienez bi kilometroko distantzian bizi direnek bakarrik izango dute bazkide egiteko aukera. Horietako bakoitzak kooperatiban zenbateko ekarpena egin beharko lukeen, eta ondorioz, kooperatiban zenbateko partaidetza izango lukeen erabakitzeko, horien argindar kontsumoa zenbatekoa den jakitea garrantzitsua dela azaldu zuten Argiolako kideek. Horretarako, bazkide egiteko interesa dutenen fakturak aztertzeko eta horiei aholkularitza emateko, ostirala bitarte, arratsaldero, 17:30etik 19:30era, Gurutze jubilatuen tabernan egongo dira kooperatibaren arduradunak.
Arduradunek nabarmendu zutenez, inportantea da norberaren beharrei ondoen egokitutako paketea hautatzea, eta horretarako, ezinbestekoa da norberaren kontsumo ohiturak zeintzuk diren jakitea. Izan ere, argindarra ez dago gordetzerik, eta ahal dela, ekoizten den momentuan kontsumitu behar da. Norbaitek kontsumitzen duena baino gehiago ekoizten badu, soberakinak argindar sarera joaten dira, baina argindar enpresa handiek soberakin horien ordez oso gutxi ordaintzen dute. Horregatik, herritar bakoitzari, bere kontsumoa eta ohiturak aztertuta, zein pakete hautatu aholkatuko diote.
Bi adibide eman zituzten joan den asteko aurkezpenean. Adibidez, 0,5 kilowatteko paketea hautatzen duen herritarrak, 500 euroko ekarpena egin beharko du hasieran, eta ondoren, urtean 50 euro ordaindu beharko ditu aseguruaren, mantenuaren eta kudeaketa gastuen truke. Kilowatt bateko paketea hautatzen duenak, berriz, 1.000 euroko ekarpena egin beharko du hasieran, eta ondoren, urtean 100 euro ordaindu beharko ditu aseguruaren, mantenuaren eta kudeaketa gastuen truke. Herritar zaurgarrien kasuan, hasierako ekarpenik egin beharrik ez izatea da kooperatibaren arduradunek proposatu zutena, baina aurreratu zuten erabaki guztiak ostiral honetan egingo duten urteko batzarrean hartuko dituztela.
Inork zalantzarik balu, eurekin harremanetan jartzeko bi bide jarri dituzte herritarren eskura: argiola@ni.eus helbide elektronikoa da bata, eta 642 63 76 18 telefono zenbakia da bestea.