Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen sailburu sozialistak barkamena eskatu zien atzo duela 40 urte Baionako Monbar hoteleko atentatuan hildakoen senideei, lau hamarkada horietan pairatu behar izan duten erakundeen "presentzia faltagatik" eta "isiltasunagatik".
"Gaur hemen, zuen aurrean, barkamena eskatu nahi dizuet lau hamarkadetako erakundeen aldetik bizi izan duzuen presentzia faltagatik eta baita isiltasun sozialagatik ere. Badakit hitz hauek apenas arinduko dutela zuen oinazea, baina ziur nago bide luzea izatea espero dudanaren lehen urratsa direla". Hitz horiek zuzendu zizkien San Josek Xabin Etxaide zestoarraren eta harekin batera GALek 1985eko irailaren 25ean tirokatuta hil zituen Inaxio Asteasuinzarra hernaniarraren, Agustin Irazustabarrena astigartarraren eta Jose Mari Etxaniz urretxuarraren senideei atzo, Donostian. San Jose bera buru zela ireki zuten atzo Gipuzkoako hiriburuan, ETAk hil zuen Ernest Lluch-en izena daraman kultur etxean, Gogora Institutuaren Monbar hotela, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik erakusketa, eta ekitaldi hori baliatu zuen sailburuak familiei "urte hauetako isiltasunak eragin dien saminagatik" barkamena eskatzeko.
Zuzenbide Estatuaren mugez "hausnarketa"
Etxaideren eta Monbarren hildakoen gainerako senideei barkamena eskatzeaz gain, GALek gorpuztutako estatu terrorismoaren gaitzespen "irmoa" egin zuen San Josek atzo Donostian: "Erakusketa honek Zuzenbide Estatuaren mugei buruzko hausnarketa izan nahi du. Salaketa eta gaitzespen irmoa izan nahi du, balio demokratikoak babesteko eta defendatzeko agindua zuten pertsonak izanik, Legetik kanpo, Zuzenbide Estatutik kanpo, jardutea erabaki zutenena; Estatuaren mekanismoak erabiliz gure gizarteari hainbeste kalte eragin zion erakunde terrorista finantzatu eta mantendu zutenena".
Izenik aipatu gabe, baina GAL martxan jarri zuten agintari sozialistentzat eta ETAren kontra legez kanpo aritzea goratu dutenentzat ere izan zituen hitzak sailburuak: "Indarkeriak ez du sekula beste indarkeria baten erabilera justifikatuko. Ezerk ezin du justifikatu, minimizatu edo erlatibizatu giza eskubideak urratzea. Horregatik, kargu politikoak izanda, eta estatuaren bitartekoak erabiliz, hainbeste pertsonari min emateaz harro eta lotsagabe hitz egin zutenei zera esan nahi diet: zuen hitzak arbuiatu egiten ditut, kondenatu. Min gehiago sortzeko baino ez ziren izan, gure demokraziaren sinesgarritasuna urratzeko eta giza eskubideen eta balio demokratikoen defentsan sustraiak dituen alderdi politiko baten izena zikintzeko. Hori ez da gure bidea, eta ez da inoiz izango".
Monbar hoteleko atentatuaren 40. urteurrena gogora ekartzeko ekitaldi zerrendaren azkena da atzotik martxan den erakusketa. Irailaren 25ean, Baionan, Monbar zenaren atarian gogoratu zituzten han 40 urte lehenago hildakoak; eta joan den zapatuan, Zestoan, Etxaideri eskainitako urteroko oroimen ekitaldia egin zuten.