Ostegunean, irailak 25, 40 urte bete ziren GALek Xabin Etxaide zestoarra, Iñaki Astiasuinzarra, Jose Mari Etxaniz eta Agustin Irazustabarrena hil zituela Baionako Monbar hotelean. Urteurren hura gogoan, Etxaide oroitu dute gaur, larunbata, haren senideek, lagunek eta herritarrek, Zestoan. Goizean, Ertxiña mendira igo dira hainbat lagun. 13:00etan, berriz, eguneko hitzordu nagusia hasi da: Etxaideren aldeko omenaldia.
13:00ak pasatxo zirenean, plazatik abiatu dira ehun lagun inguru. Ikurrinak, krabelinak, Borrokak merezi du zioen pankarta edota Etxaideren irudia erakusten zuten kartelak eskuetan, haren monolitora arteko bidea txistulariek lagunduta egin dute guztiek. Monolitora hurbiltzen hasi ahala, monolitoaren albo batean zeuden txalapartarien hotsek hartu diete lekukoa txistuarenei.
Urtero moduan, monolitoaren bueltan elkartu dira denak, eta hitzartzearekin ekin diote. "Herriaren memorian eta bihotzetan" daudenei eskaini nahi izan diete omenaldia, eta salatu dute horiek ez dutela aitortzarik jaso. "Egia osoa jakin gabe segitzen dugu, eta Frantziako nahiz Espainiako estatuen erantzukizuna erabat argitzeke dago. Bada zereginik oraindik ere", azaldu dute, hasteko. Etxaiderekin batera, gogoan izan dituzte gaurko egunez duela 50 urte frankistek fusilatu zituzten Juan Paredes Txiki, Angel Otaegi eta FRAPeko hiru kideak ere. "Fusilamendu haiek diktadura frankistaren aurka borroka egin zuten bi gazte abertzale akabatzeaz gain, Euskal Herriaren askatasun egarria itotzea zuten helburu. Gure herriaren nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea ukatuak dira, baina Euskal Herria askatzera lotuta ere, herritarrak gara, eskuz esku herri hobe bat eraikitzeko ametsera batu garenak", azaldu dute.
Hitzartzearen segidan, poesia errezitatu dute musikak lagunduta, eta musikak, bertsoek nahiz aurreskuak omenaldia sentituagoa egitea lortu dute han bildutakoentzat. Amaitzeko, Etxaide zenaren amak lore sorta jarri du bere semeari eskainitako monolitoaren aurrean, eta haren atzetik han bildutakoek krabelinak jarri dizkiote banan-banan. Ekitaldia Eusko gudariak abestia kantatuz itxi dute, eta handik, berriro plazara itzuli dira.