40 urteren ondoren hildakoak gogoan izan dituzte Baionan, atentatuaren tokian

Nerea Uranga 2025ko ira. 25a, 15:25

Gaur Egiari Zor fundazioak antolatua Baionako Monbar hotelean egin duten lore eskaintza. (Utzitakoa)

Baionako Monbar hoteleko atentatuaren 40. urtemugan, Egiari Zor fundazioak antolatuta lore eskaintza egin dute hilketaren tokian. Sabin Etxaide zestoarrarekin batera, beste hiru euskal herritar hil zituen GALek 1985eko irailaren 25ean. Etxaideren senideez gain, Zestoako alkateak ere parte hartu du gaurko Baionako ekitaldian. Urtemuga horri lotuta, Gogora institutuak Hotel Monbar, 1985 erakusketa zabalduko du astelehenean Donostian.

Gaur 40 urte, 1985eko irailaren 25ean, GALek lau euskal herritar hil eta beste pertsona bat zauritu zituen Baionako Paneccau kaleko Monbar hotelean. Sabin Etxaide zestoarra, Inaxio Asteasuinzarra hernaniarra, Agustin Irazustabarrena astigarragarra eta Jose Mari Etxaniz urretxuarra hil zituzten atentatu hartan tiroz GALek ordaindutako bi mertzenariok. 40. urtemuga gogoratzeko, gaur hilketa gertatu zen tokian lore eskaintza ekitaldia egin du Egiari Zor fundazioak, eta "memoria justua eta egia" aldarrikatu ditu.

Baionako ekitaldia horretan Etxaideren amak –Maritxu Ibarguren– eta arrebak parte hartu dute beste hildakoen senideekin batera, eta haiekin batera izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako biktimen eta giza eskubideen zuzendari Ainhoa Zugasti, Memoria eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko zuzendari Alberto Alonso, Zestoako, Astigarragako eta Hernaniko alkateak, EH Baiko , EH Bilduko eta Sortuko ordezkariak eta Fermin Muguruza.

Goizeko lore eskaintza ekitaldiaz gainera, Baionan gaur arratsalderako memoriaren ibilbidea (17:30ean, Reduit plazatik abiatuta) eta hilketaren tokian beste ekitaldi bat (19:00etan) antolatu dituzte, orain dela 40 urteko "gertakari larri haiek" hurbiletik bizi eta pairatu zituztenek. Haien arabera, Monbarreko atentatuak "ondorio larriak eta inpaktu handia" eduki zituen, eta ez zen izan Espainiako Estatuko aparatuek abiatutako "gerla zikinaren bitartez egindako atentatu bakarra"; Ipar Euskal Herrian 1980ko hamarkadan GALek guztira 27 euskal herritar hil eta beste hamarnaka pertsona zauritu zituztela adierazi dute. Gaur gaurkoz, egia eta biktimen aitortzarik gabe segitzen dutela, eta gertatu zenaren "egia osoa" eta "gerla zikinak eragindako biktima guztien aitortza" aldarrikatu dituzte.

Zestoako Udalak Sabin Etxaide Zestoako bizilaguna hil zutenetik 40 urte pasatu direla, eta "giza eskubideen urraketa" horren kontra "ahots politiko guztiak" batzeko helburuz, adierazpen instituzionala egin du gaur.

Larunbatean, berriz, Zestoan egingo dituzte Sabin Etxaide omentzeko ekitaldiak, Baionako Monbar hoteleko atentatuaren 40. urtemuga gogoan. Etxaideren senideek, lagunek eta herritarrek antolatu dituzte etzirako ekitaldiak. 09:00etan Ertxiña mendira igoko dira eta 13:00etan plazan elkartu eta kalejiran joango dira estazio zaharraren goiko parkean dagoen Etxaideren oroitarrira.

Erakusketa, Donostian

Baionako Monbar hoteleko atentatuaren 40. urtemuga gogoan, Gogora memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen institutuak Hotel Monbar, 1985 izeneko erakusketa irekiko du datorren astelehenean, irailaren 29an, 19:00etan Donostiako Ernest Luch kultur etxean. Urriaren 20ra arte egongo da erakusketa zabalik.

Donostian jarriko duten erakusketan, atentatuaren nondik norakoak eta hilketa horrek suposatu zuena azalduko dute, baita GALen izaera eta haren ibilbidea ahaztu gabe. "Oroimen kolektibora ekarri nahi da gure iragan traumatikoaren pasarte esanguratsu bat, estatu terrorismoa eta GALek ekarri zuen legezkotasun demokratikoaren porrota salatzen ditu. Era berean, biktimen senideei injustizia eta jasandako minaren zentzugabekeria aitortu nahi zaie", azaldu dute erakusketaren antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide