Adierazpen instituzional baten bitartez, Zestoako Udalak aho batez deitoratu du Sabin Etxaideren hilketa

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 25a, 10:36

Xabin Etxaideri Zestoan eraikitako oroitarria.

Sabin Etxaide Ibarguren Baionako Monbar hoteleko tabernan hil zuen GALek, 1985eko irailaren 25ean. Zestoarraren hilketaren 40. urteurrenean, Monbar hoteleko gertakariak aho batez salatu ditu udalak adierazpen instituzional batean.

Gaur, osteguna, 40 urte bete dira GALek Sabin Etxaide Zestoako bizilaguna hil zuenetik, eta "giza eskubideen urraketa" horren kontra "ahots politiko guztiak" batzeko helburuz, adierazpen instituzional bat ondu du udalak.

Dokumentu horretan, udalak gogoratu du Nazio Batuetako Batzar Orokorrak zehaztutako jarraibideek diotela giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten pertsona guztiek dutela "egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea". Agindu horrek eskatzen duen "erantzukizun instituzional horretatik abiatuta", adierazi du udalaren borondatea dela "memoria publikoaren politika bat egitea, eta horren bidez egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea betetzea". "Eta hori Xabin Etxaide Ibargureni egindako aitortzazko adierazpen instituzional honetan gauzatzen da, bere ondare preziatuena kendu ziotelako: bizitza", gaineratu du.

Zestoako udalbatzak adostu duen adierazpenak aipatzen du, halaber, Eusko Jaurlaritzaren estatu indarkeriaren biktimen zerrendan jasota dagoela Etxaideren kasua, baina orain, zestoarraren hilketaren 40. urteurrenean, aitortza indibidualizatua egin nahi izan dio udalak. "Gure nahia da adierazpen hau ahots politiko guztien adierazle bateratua izatea, Xabin Etxaide Ibargureni egindako injustiziaren aurrean elkartasun eta gizatasun adierazpen bat izatea, eta, erakunde publiko bezala daukagun erantzukizunetik, aitortza eta erreparazioa lortzeko gogoeta bat izatea", agertu du adierazpenean.

Udalbatzaren ustez, "eskubideak errespetatuz eta urraketak baztertuz eraiki behar da memoria", hori dela eta, lanean jarraitzera konprometitu da udala, "Zestoarrok gure antzinako eta iragan hurbileko historiako edozein unetan jasandako urraketa guztiak aitortu eta erreparatzeko". "Iraganak ezin du aitzakia izan bizikidetzaren bidea ez egiteko. Espero dugu jokabide horrek bakearen eta giza eskubideen kultura sustatzea, eta oinarri sendoak finkatzea Zestoan bakean eta bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna eraikitzen jarraitzeko", berretsi du.

"Herriko gudari" izendatua

Sabin Etxaide Ibarguren zestoarra Baionako Monbar hoteleko tabernan hil zuen GALek, 1985eko irailaren 25ean. Atentatu horretan, Agustin Irazustabarrena, Joxe Maria Etxaniz eta Iñaki Asteasuinzarra ere hil zituzten mertzenarioek.

Etxaidek 1982ko urriaren 28an ihes egin zuen Ipar Euskal Herrira, eta Baionan errefuxiatuta zegoela, 1985eko irailaren 24an, haren lagun Agustin Irazustabarrenari errefuxiatu politikoaren agiria eman zioten. Hori ospatzeko, beste zenbait errefuxiaturekin joan zen Etxaide Monbar hoteleko tabernara. Euren atzetik GALeko mertzenarioak sartu ziren, eta errefuxiatuei tiroka hasi ziren. Irazustabarrenarekin batera, Jose Mari Etxaniz eta Inaxio Asteasuinzarra hil zituzten eraso horretan; Etxaide ospitalera eraman zuten, oso larri zaurituta, eta han hil zen.

Zestoako Udalak gaur zinpetu duen adierazpen instituzionalean gogoratu duenez, orduan, erakundeak Herri Batasunaren mozioa onartu zuen, senideei elkartasuna adierazi, eta Etxaide "herriko gudari" izendatu zuen. Gainera, "GAL talde hiltzailearen eta espainiar estatuaren aparatu errepresiboaren arteko lotura nabarmena" gaitzetsi zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide