Mikel Manterola: "Jendea kuboen mundua gehiago ezagutzera animatzea nahiko nuke"

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2025ko ira. 25a, 12:00

Kuboen mundua zabala bezain ezezaguna da, baina Mikel Manterolak (Zestoa, 2010) ondo ezagutzen du. Gaztea izanagatik, hainbat kategoriatako hamasei txapelketatan parte hartu du. Uneotan, hirugarrena da 3x3 kuboa esku bakarrarekin egiten dutenen Espainiako sailkapenean. Bi urte soilik daramatza speedcubing munduan, eta trebatzen jarraitzeko gogoz dago. Euskal Herrian cuber gehiago egotea nahiko luke, baita txapelketa gehiago antolatzea ere. 

Nolatan hasi zinen Rubiken kuboarekin praktikatzen?

2023ko udan hasi nintzen Rubiken kuboarekin ibiltzen, lagun batekin izandako lehia txiki bat tarteko. Lagunak erakutsi zidan kuboa, eta hark 40 segundotan osatzen zuen; ni lehiakorra naizenez, denbora hori jaisteko ahaleginean hasi nintzen.

Nola trebatu zara?

Hasieran, Youtuben tutorial asko ikusi nituen nire kabuz. Ondoren, bideoetan ikusitakoa baliagarri izateko ordu dezente eman nituen etxean praktikatzen. Txapelketetan izena eman nuenean hasi nintzen marka berriak ezartzen eta denborak jaisten, baina dakidana nire kabuz ikasi dut. Aspaldian antolatu dituzte zenbait ikastaro, baina mundu honetan aritzen garen gehienok gure kabuz trebatzen gara, foroetan idatzitakoak irakurrita, horietan dagoen jendeak lagunduta, sarean dauden bideoak ikusita... Gakoa asko praktikatzea eta ebazpen ugari egitea da. 

Buruhauste jolas gisa ezagutzen da Rubiken kuboa, baina badauka lotura matematikarekin, ezta?

Kuboa osatzeko pieza multzo bat elkartu behar da, eta horretarako hainbat patroi jarraitu behar dira. Patroi horiek algoritmo deitzen dira, baina mugimendu konbinazioak dira, finean. Nik, oraingoz, 42 algoritmo dakizkit, baina munduko speedcuber-ik onenek 400dik gora dakizkite.

Zerk bultzatu zintuen lehiaketetara?

Denbora asko eskaintzen nion Rubiken kuboari, etxean ordu asko ematen bainituen praktikatzen. Oso zeregin bakartia da, eta baneukan jendea ezagutzeko gogoa. Txapelketek zaletasun bera duten kideak ezagutzeko aukera ematen dute, baita munduko speedcuber-ik onenak lehiatzen ikusteko aukera ere. Horrek piztu zidan lehiaketetan izena emateko grina. 

Kuboak askotarikoak dira forma aldetik zein pieza kopuru aldetik, baita txapelketak ere. 

Askotariko txapelketak daude, bai. Antolatzaileek erabakitzen dute zein kategoriatan antolatuko dituzten lehiak. Oro har, kategoria askoko txapelketak jokatzen dira, hiru egun inguru irauten dutenak. Badaude, ordea, egun batekoak ere, kategoria zehatzagoetara mugatzen direnak. Munduko txapelketak, kontinentalak edo nazionalak bizpahiru egunekoak izaten dira, eta horietan ere azpimultzo asko egoten dira. Hainbat motatako Rubiken kuboak daude, tamainaren, formaren eta mekanismoaren arabera, eta txapelketak ere horien araberakoak izaten dira. 

Zein dira zuk erabiltzen dituzunak?

Pieza askoko kuboekin aritzen naiz gehienbat, horietan espezializatu naiz, baina mota askotakoak ditut: 3x3, 4x4, 6x6, 7x7, Pyraminx eta Megaminx kuboak, beste askoren artean. Horietako batzuk esku bakarrarekin egiteko modua dago. 

Zergatik aritzen zara pieza askoko kuboekin? 

Nik, oraindik, ez ditut mugimendu bizkorrak menderatzen, eta pieza gutxiko kuboekin aritzean, garrantzitsua da abiadura; azkarra izatea saritzen da. Kontrara, pieza askoko kuboekin, mugimendu gutxiago egiten ditut. 

Zenbat txapelketatan aritu zara orain arte?  

Hamasei txapelketa ofizialetan lehiatu naiz, oraingoz: Euskal Herrian, Frantzian, Portugalen, Espainian... Euskal Herrian ez dira txapelketa asko egiten, eta pena da. Bilbon urtero egiten dira, eta horietan parte hartu dut. Aurrera begira, nazio mailako sariketa Tarragonan (Katalunia) jokatuko da abenduan, eta han izango naiz. 

Nolakoa da lehiakideen profila? 

Adin guztietako jendeak parte hartzen du txapelketetan: ni baino gazteagoak diren haurrek, gazteek nahiz adinekoek, eta neskak zein mutilak kategoria berdinean lehiatzen dira. 

Kuboena ezezaguna den praktika al da? 

Uste dut mundu guztiak ezagutzen duela Rubiken kuboa jostailu gisa, guztiok eduki izan dugu bat etxean, baina inork ez du ulertzen modu profesionalean; jende gutxi informatzen da haren bueltako jardunaz. Rubiken kuboa jostailu bat baino gehiago da, ezaguna izan ez arren.  

Zein da zure erronka nagusia?

Orain, errekor nazionala lortu nahi dut esku bakarrarekin. Izan ere, errekor nazionaletik 0,5 segundotara nago. Uneotan 12,13 segundoko batez besteko marka daukat, eta errekor nazionala 11,84 da. Agian hobe dezaket marka hori. Era berean, abenduan Tarragonako txapelketan podiumean sartu nahiko nuke, maila badaukadala pentsatuta. 

Elkarrizketa oso-osorik, bideoan

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide