Zestoako festak

Haurrek gorenera eraman dute festetako lehenengo eguna

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 5a, 20:10

Umeen Eguna ospatu dute Zestoako festetako lehenengo egunean. Hain zuzen, haiek izan dira protagonistak, eta ez dute alperrik galdu eguna. Eguerdian suziria bota ostean, kiroldegiko arkupean bazkaltzeko elkartu dira, eta denetarik egin dute arratsaldean: ponien gainean ibili, suzko zezenaren aurretik korrika egin...

Umeen Eguna ospatzen ari dira gaur Zestoan, herriko festen lehenengo errondan eta, hain zuzen, haiek izan dira eguneko protagonista behinenak. Suziria botatzeko ardura izan dute eguerdian, eta jendaurrera agertzeak eragiten duen urduritasuna baretu ostean, kiroldegiko arkupeetan bazkaldu dute elkarrekin. Haur eta heldu, 190 pertsona inguruk irentsi dituzte Bekoetxe jatetxeko paella eta oilaskoa.

Tripa bete eta gero, hainbat tailerretan parte hartu dute haurrek, besteak beste, aurpegiak margotu dituzte, pultserak egin eta diaboloarekin trebatu dira.

Hala ere, poniak herrira iritsiko zain ziren gehienak, eta 17:30ak iristerako, saldoka joan dira umeak hondarrezko plazara, Lopene ganadutegiak ekarritako animalien gainean ibiltzera.

Horren aurretik, helduek ere izan dute entretenimendua. Unai Agirre eta Oier Etxeberria bertsolariak aritu dira tabernaz taberna errimak josten, eta haiek kantatu bitartean tragoak hustu dituzte inguruan bildu direnek.

Bertsolariak isildu eta poniak nekatu direnean, Ostarte erromeriak estreinatu du Laranjadi plazako eszenatokia. 22:00etan, berriz, suzko zezenaren txanda iritsiko da, eta haur nahiz gaztetxoak haren txinpartei itzuri eginez dibertitzeko aukera izango dute.

Atzera ere eszenatokia hartuko du Ostarte taldeak, eta lehenengo eguneko egitarauari -eta ez gauari- amaiera borobila emango dio DeBrass-en emanaldiak.

Astelehenera bitartean —Ama Birjina eguna—, festek ez dute atsedenik hartuko Zestoan. Datozen orduetatik aurrera, herritarrek honako egitarau honetaz gozatu ahal izango dute:

Bihar, larunbata
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
12:00. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan, 14:00ak arte.
12:30. Paella lehiaketarako prestaketak hasiko dira. Ustekabe txaranga egunean zehar.
14:30. Paella lehiaketako epaimahaia pasatuko da. Ondoren, herri bazkaria plazan.
15:30. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan 19:30ak arte.
17:00. Kuadrillen arteko jolasak plazan, Ustekabe txarangak alaituta.
19:00. Ustekabe txaranga.
22:00. Sukena, Hazas eta Jagoba, Laranjadin.

Irailak 7, igandea
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
12:30. Nafartasunari gorazarrea, musika, bertso eta dantzaz alaiturik, sorgin ehizaren bosgarren mendeaurrea gogoratuko da.
17:00-19:00. Kirol joko handiak, frontoi zaharrean.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Ez Ez Ez, Makeda eta Sal del Coche.
18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Curro Muñoz. Ordezkoa: Raul Jerez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
21:00. Skapaie.
23:00. M&M, Laranjadin.

Irailak 8, astelehena. Ama Birjina eguna
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira.
12:00. Meza. Ondoren, udal ordezkarien dantzaurrea, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
18:00. Tor magoa, kiroldegiko aterpean.
18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertua estazio aldean: Anari.
18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Juan Pablo Ibarra. Ordezkoa: Marco Pelaez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. 
Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda, Erdikalean.
20:00. Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.
21:00. Laket taldearekin erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide