Zestoako festak

Paella, festarako aitzakia

Nerea Uranga 2025ko ira. 4a, 10:06

Kuadrilla bat paella janean, Zestoako Kuadrilla Eguneko artxiboko irudian. (Aitziber Arzallus)

Bihartik astelehenera arte ospatuko dituzte Zestoako festak. Etzi, 23 taldetan banatuta,  420 herritarrek parte hartuko dute Kuadrilla Eguneko paella lehiaketan eta ondorengo bazkarian.

Gazteen eta edadetuen egunak aurreko asteburuan ospatu zituzten Zestoan. Bihar, berriz, Umeen Eguna ospatuz hasiko dituzte Zestoako festak. Txupinazoa ere gaztetxoek botako dute udaletxeko balkoitik, 12:00etan. Hain zuzen, aurreko ikasturtean LH 6. maila egin zuten ikasleek emango diote su jaietako suziriari. Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea eta zahagi dantza izango dira, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta. Ordutik eta Ama Birjina egunaren gauera arte, ekitaldiz beteta izango dira Zestoako kaleak eta plazak, askotariko ekitaldiek osatuko dutelako festetako egitaraua: bertso poteoa, dantzak, erromeriak, kontzertuak, haurrentzako ekintzak, zekorketak, txistulariak, paella lehiaketa, lagunarteko jolasak... izango dira.

Larunbatean, Kuadrillen Egunean, herriko hainbat lagun taldek hartuko dituzte herriko txokoak. Paella lehiaketaren bueltan hasiko dira festa eguneko jarduerak; aurtengoan, 23 taldek parte hartuko dute paella lehiaketan. Guztira, 420 pertsona inguru elkartuko dira aurretik kuadrillartean prestatutakoa bazkaltzeko. Paella lehiaketa antolatzeko asteak daramatzate herritar batzuek lanean, eta horietako bat da Nerea Odriozola. 

Paella lehiaketan parte hartuko duten kuadrillek antolaketarako eginbeharrak banatu egiten dituzte urtero, txandakatuz edota zozketa bidez lanak banatuta. Lehiaketa hori antolatzen hasteko aurreneko bilera udaleko Kultura sailak deitu ohi du, eta ondorengo bilerak, berriz, lehiaketaren antolaketa taldeak prestatutakoak izaten dira. Batzar horietan denetan, derrigorra izaten da kuadrilla bakoitzetik ordezkari banak parte hartzea. Hitzordu batean kuadrilla bakoitzaren zereginak eta lanak banatzen dituzte, eta beste hitzorduan, azkenengoan, lehiaketan parte hartzea ordaindu eta bazkaritarako txartelak jasotzen dituzte. Bost euro ordaintzen ditu parte hartzaile bakoitzak; bazkariko edariak, postrea eta kafea sartzen dira prezio horren barruan.

Egiteko lanak

Paella lehiaketa eta kuadrillen arteko bazkaria aurrera ateratzeko askotariko lanak egin behar izaten dituzte. Horietako lan batzuk aipatu ditu Odriozolak: "Getariara joan eta izotza jasotzea, bazkaltzeko mahaiak jartzea, postrea eta kafea banatzea...". Antolatzaile taldearen lana egunerako erosketak –edariak eta postrea– egitea izaten da edota bazkaltzeko platerak eta edalontziak jasotzera Urola Erdiko mankomunitatera joatea. Aurten, kafea egiteko ontziak erosi ditu antolatzaile taldeak. "Kuadrilla Eguneko paella lehiaketarako eta bazkarirako erabiltzen ditugun ontziak eta materiala udaletxean izaten ditugu gordeta. Aurreko urteetan, kafea egiteko kazuelak soziedadeetan eskatzen genituen, baina aurten erostea erabaki dugu, aurreko urteetako diru soberakinarekin".

Paella prestaketarako mahaiak eta suak jartzeko tokia kuadrilla bakoitzak aukeratzen du. "Iritsi ahala jartzen joaten da kuadrilla bakoitza. Eguraldiaren arabera, toki batzuk beste batzuk baino preziatuagoak izaten dira: itzalagatik, aterpeagatik...", dio antolatzaile taldeko kideak. Bazkaltzeko mahaietako tokia banatzeko, baina, zozketa egiten dute.

40 laguneko kuadrilla

Paella prestatzeko arroza eta gainontzeko produktuak kuadrilla bakoitzak eraman behar izaten ditu. Juanjose Zabalak ere horixe egingo du gaur edo bihar; hau da, paella prestatzeko elikagaiak erostera joango da eta etzira arte hozkailuan gordeta edukiko ditu. Larunbatean, berriz, 40 laguneko kuadrillarentzako paella kozinatuko du. Kuadrillen Eguneko paella lehiaketan "betidanik" parte hartu dutela dio, eta bere zeregina su gaineko lana izaten dela adierazi du. Haur eta heldu elkartuko dira aurten, eta jatekoa hiru paelleratan prestatuko du Zabalak: "Bi paella helduentzat eta bat haurrentzat izango dira".

Urte batean paella lehiaketa irabazi zuen Zabalaren kuadrillak, baina berak ez du gogoan zein urtetan izan zen hori. Izan ere, Zabalaren kuadrillaren helburua ez da izaten paella lehiaketa irabaztea: "Urte piloa daramatzagu parte hartzen, baina kuadrillan ondo pasatzeko helburuarekin egiten dugu". 

Aurten, paella prestatzeko ahalik eta lan errazena egiteko asmoa du Zabalak: "Arroza normal egingo dugu eta oilaskoa gehituko diogu". Aurreko urte batzuetan paella prestatzeko "ahalegin handiagoa" egin izan dutela esan du hark: "Jendeak ere bere aldetik gehiago jartzen zuen. Jateko eta festarako beti egoten da jendea prest, baina lanerako ez". Hala ere, beraien kuadrillan lanak denen artean banatzen ahalegintzen dira: "Lanak banatuta ditugu, hau da, nik paella prestatzen dut eta gainontzeko lan guztiekin ahaztu egiten naiz; beste lagun batzuk arduratzen dira gauzak jasotzearekin, garbitzearekin, bileretara joatearekin... Bakoitzak bere zeregina edukitzen du edota lanak banatzen, behintzat, saiatzen gara".

Kuadrillen Egunaren bezperetan lagunekin gelditzen da paella prestatzeko gauzak garbitzeko eta gainbegiratzeko. Urteekin kuadrillan "gauza polit bat" egin dutela ere kontatu du Zabalak: "Urte batean, paellera bat eta sua erosi genituen; hurrengo urtean, beste paellera bat eta beste su bat... Hurrengo urte batean, diru pixka bat gehiago ipini eta mahaientzako astoak erosi genituen. Era horretan, urtez urte osatzen joan gara paella prestaketarako gauzak eta tresnak".

Astelehena arteko jaiak

Kuadrillen Egunean, paella lehiaketaz eta lagunarteko bazkariaz gainera, beste hainbat jarduera ere izango dira Zestoan, eta astelehen gauera bitartean jaiak ez du etenik izango herrian.

Bihartik astelehenera bitartean txarangak, kalejirak, kontzertuak eta erromeriak izango dira egunero, honako taldeek eta musikariek joko dute Zestoan udalak nahiz Gurea Kulturak antolatuta: Ostarte, Debrass, Ustekabe, Sukena, Hazas, Jagoba, Ez Ez Ez, Makeda, Sal del Coche, Zestoako Musika Banda, M&M, Skapaie, Laket eta Anari.

Hau da aurtengo Zestoako festen egitarau osoa:

Bihar, ostirala. Umeen Eguna
11:30. Umeen diana zaratatsua, plazatik hasita (ume bakoitzak eraman dezala zarata ateratzeko zerbait: kazuela, danbor, turuta, txistu...).
12:00. Txupinazoa. Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea eta zahagi-dantza, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta. Herriko banda, buruhandi, txistulari eta abarren kalejira. Joselontxos txaranga.
14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria kiroldegian.
15:30. Haurrentzat tailerrak.
16:30. Bertso-poteoa tabernaz taberna, Unai Agirrerekin eta Oier Etxeberriarekin, Erniarraitz elkarteak antolatuta.
17:30. Lopene ganadutegiko poniak, plazan.
19:00. Ostarte taldearekin erromeria, Laranjadin.
22:00. Suzko zezena.
Ondoren, Ostarterekin erromeria eta DeBrass, Laranjadin.

Etzi, larunbata
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
12:00. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan, 14:00ak arte.
12:30. Paella lehiaketarako prestaketak hasiko dira. Ustekabe txaranga egunean zehar.
14:30. Paella lehiaketako epaimahaia pasatuko da. Ondoren, herri bazkaria plazan.
15:30. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan 19:30ak arte.
17:00. Kuadrillen arteko jolasak plazan, Ustekabe txarangak alaituta.
19:00. Ustekabe txaranga.
22:00. Sukena, Hazas eta Jagoba, Laranjadin.

Irailak 7, igandea
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
12:30. Nafartasunari gorazarrea, musika, bertso eta dantzaz alaiturik, sorgin ehizaren bosgarren mendeaurrea gogoratuko da.
17:00-19:00. Kirol joko handiak, frontoi zaharrean.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Ez Ez Ez, Makeda eta Sal del Coche.
18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Curro Muñoz. Ordezkoa: Raul Jerez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
21:00. Skapaie.
23:00. M&M, Laranjadin.

Irailak 8, astelehena. Ama Birjina eguna
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira.
12:00. Meza. Ondoren, udal ordezkarien dantzaurrea, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
18:00. Tor magoa, kiroldegiko aterpean.
18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertua estazio aldean: Anari.
18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Juan Pablo Ibarra. Ordezkoa: Marco Pelaez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. 
Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda, Erdikalean.
20:00. Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.
21:00. Laket taldearekin erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide