Zestoako festak

Herriko adinekoak omendu dituzte Zestoako Jubilatuen Egunean

Andoni Elduaien eta Ihintza Elustondo 2025ko abu. 31a, 15:06

Festen atarian, herriko pertsonarik edadetuenak omendu ohi ditu Zestoako Udalak. Mari Kruz Iribar eta Karlos Alkorta dira herriko zaharrenak, eta udalaren aitortza jaso dute horiek. Aurten 85 urte bete dituztenak ere gogoan izan dituzte.

Zestoarrak festa bete-betean datorren ostiraleko txupinazoarekin murgilduko badira ere, motorrak ondo berotzeko, asteburu betea ospatzen ari dira herrian. Atzo, larunbata, Gazte Eguna izan zuten, eta gaur, igandearekin, Jubilatuen Eguna. Gaurko egunez ohiko bilakatu den moduan, herriko adinekoei aitortza egin die Zestoako Udalak.

12:30ean, meza izan da elizan, eta hura amaitutakoan hasi da adinekoei zuzendutako ekitaldia. Eguraldi oso txarra egin du, eta beraz, gonbidatuta zeuden hainbat herritar ez dira bertaratu udaletxearen azpiko arkupeetan egin duten ekitaldira. Hala eta guztiz ere, txistulariek eta dantzariek lagunduta, merezitako aitortza egin diete herriko edadetuenei.

Herriko bi adinekoenak omendu dituzte gaurko saioan: 99 urte dituen Mari Kruz Iribar eta Karlos Alkorta; Iribar bertaratu da gaurko ekitaldira, baina Alkorta ez da animatu. Dena den, txalo zaparrada luzea eskaini diete biei ala biei.

85 urtekoak ere bai

Horrez gain, 2014az geroztik, 85 urte betetzen dituzten herritarrak ere omentzen ditu udalak, eta gaur ere hala egin du. Gaurko egunez, aurten adin hori bete duten hamabost lagun daude erroldatuta Zestoan –bost gizon eta hamar emakume–, eta horiei denei oroigarri bana eman die udalak, nahiz eta horietako asko ere ez diren ekitaldira bertaratu. Honako hauek dira aurten 85 urte bete dituztenak: Maria Kruz Aizpuru, Ignacio Altuna, Agustina Aranbarri, Mikel Aramendi, Bonifacia Aristegi, Maria Gloria Bastida, Javier Cestona, Ascensio Egaña, Feliciana Elorza, Maria Ignacia Gurrutxaga, Maria Belen Inda, Maria Pilar Irureta, Maria Angela Iturri, Ramon Olano eta Oscar Enrique Trinchet.

Mikel Arregi alkateak eta Fernando Arzallus kultura teknikariak gidatu dute saioa, eta egunaz gozatzeko esan diete herriko adinekoei.

Arratsaldean gehiago

Arratsaldean jarraituko dute festetako ekitaldiek. Hona hemen egitaraua:

  • 17:30. Herri kirolak, kiroldegian.
  • 19:00. Txistularien Alardea, kiroldegian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide