Zestoako festak

Zestoako musikariek eta gonbidatu ezagunek bat egingo dute igandeko Txistulari Alardean

Maddi Txintxurreta

Musikariak oholtzan Zestoako Txistulari Alardearen azken emanaldian, 2022an.

Julen Alonso Orioko trikitilaria eta piano-jotzailea izango da Zestoako Txistulari Alardean parte hartuko duen gonbidatuetako bat. Igandean eskainiko dute kontzertua, 19:00etan.

Hiru urtez behin Idiakaitz Txistulari Taldeak Ama Birjina festetan antolatzen duen Txistulari Alardearen emanaldia izango da igandean Zestoan. 19:00etan hasiko da Zestoako nahiz Euskal Herriko musikariek bat eginda emango duten kontzertua; eguraldi ona egiten badu, plazan izango da, eta bestela, kiroldegian.

Ohi bezala, euskal musikagintzako izen ezagunak eta herriko musikariak ariko dira oholtzan. Zehazki, Oriotik etorriko dira aurtengo gonbidatuak: Julen Alonso trikitilaria eta piano-jotzaileak nahiz Imanol eta Iratz Urkizu aita-alabak parte hartuko dute alardean. Hauekin batera, Amaia Aldalurrek zuzentzen duen Zumaiako San Pedro Abesbatza eta metal boskotea ere izango dira taula gainean.

Zestoako ordezkaritza, bestalde, honako musikariek eta taldeek osatuko dute: Nerea Mendizabalek, Agurtzane Auzmendik, Joritz Zunzunegik, Itxaropena Dantza Taldeak, Mertxe Merinok prestatutako eskolako haur kantariek eta Idiakaitz Txistulari taldeko musikariek. Garikoitz Mendizabal Zestoako txistulariak zuzenduko du ikuskizuna.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide