Arroagoiko santio-santanak 2025

Tortilla eta sagardoa dastatu dituzte Arroagoian pilota partidez gozatu bitartean

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 25a, 14:17

Larrazabal sagardotegiak irabazi du Arroagoiko sagardo txapelketa. Pilotan, aldiz, Aritz Olaizolak eta Ekain Azkuek osatutako bikotea gailendu da.

Bete-beteko goiz pasa izan dute santio-santana festetan murgilduta dauden Arroagoiko bizilagunek. Bezperatik gaupasa eginda zeuden gazteek txosna ireki dute berriz 11:00ak aldera, azken-aurreko kalimotxoa hartzeko; hala ere, indarrak gorde dituzte sagardo eta tortilla txapelketetako prestaketa lanetan laguntzeko.

Festetako kamiseta laranja igandera arte "kendu gabe" izango dutela ziurtatu dute Jon Ellakuriak eta Joseba Egañak. "Gauak goizarekin bat egin digu. Orain, sagardoa eta tortilla dastatuko ditugu", adierazi du Ellakuriak. Egañak, halaber, zineztatu du "sagardorik onena" Arroagoian dagoela: "Sagardotegiak egun honen zain egoten dira". Bi gazte hauen esanetan, "bereziak" dira Arroagoiko santio-santanak, auzotarrak asko saiatzen direlako festa onak izan daitezen. "Auzo txiki bat da hau, eta denok jartzen dugu gure partetik zerbait", gaineratu du Ellakuriak.

Gazte horiek bezala, gainontzeko auzotarrak eta Arroagoiko errepide bazterra kotxez bete duten bisitariak txapelketa banatara aurkeztutako sagardoak eta tortillak probatzen igaro dute eguerdia. Beranduago jakinarazi dutenez, Ernaitzena izan da tortillarik onena, eta Tamarari eman diote bigarren saria.

Sagardogirik onena, halaber, Larrazabal etxeak ekarritakoa izan da. Bigarren saria Igartza Haundiri eman diote, eta hirugarrena Zubeltzu Torreri.

Pilota partidak, etxeko jokalariekin

Batzuek sagardoa eta pintxoak hartu bitartean, izerdia botatzen aritu dira beste batzuk. 12:00etan hasita, binakako esku-pilota partidak jokatu dituzte auzoko frontoian. Zestoako eta inguruko pilotariak aritu dira elkarren lehian.

Lehenengo saioan Naroa Gastiain eta Peru Aldalurrek osatutako bikoteak Laia Gastiain eta Uxue Loiolaren aurka neurtu ditu indarrak, eta azken hauek irabazi dute partida, markagailua 18-8an utzita. 

25era jokatu dute, aldiz, Aritz Olaizola eta Ekain Azkuek, urdinez, nahiz Xabat Sasiainek eta Oier Alonsok, gorriz. Lehia estu baten ostean, urdinek lortu dute garaipena, 25-23 eginda.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide