Astelehenaz geroztik, Zestoako kiroldegiaren sarreran dagoen tornua martxan dago eta, beraz, kiroldegiko bazkideek txartela beharko dute tornua zabaltzeko. Erabiltzaile bakoitzak kiroldegiko sarreran jaso beharko du bere txartela.
Zestoako Udalak azaldu duenez, txartel fisikoaz gain, egun batzuk barru Nik Patrika Digitala aplikazioaren bitartez ere posible izango da tornua irekitzea. Horretarako kiroldegiko txartela aplikazioan deskargatuta izan beharko du erabiltzaileak.
Bestalde, erakundeak zehaztu duenez, beheko pistaren erabilera librea ez da aldatuko tornua martxan egonda ere. Zehaztutako ordutegietan pista erabili nahi dutenei tornua zabalduko diete kiroldegiko langileek, eta berdin ikastaroetara nahiz entrenamenduetara joango diren herritarrei ere.
"Bazkideei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko helburuarekin" jarri dute tornua, Zestoako Udalaren arabera. Funtzionamendu berri honen bitartez, kirol instalazioaren erabilera eta sarbide eskubidea zehaztuko dela azaldu du erakundeak.