Zestoan ohiko udalbatzarra egin zuten atzo, ostegunez. Hainbat gai izan zituzten hizpide, baina Montse Atxega zinegotziak kargua utzi duela jakinaraztea izan zen eguneko puntu garrantzitsuena. Mikel Arregi alkateak adierazi zuenez, EAJren zerrendan atzetik zeuden bi pertsonek uko egin diote haren hutsunea betetzeari, Daniel Peñasek eta Itziar Elorzak, eta haien atzekoak, Xabier Gallastegik, baiezkoa eman du. Beraz, orain hura zinegotzi izateko prozedura martxan jarriko dute, eta espero dute hurrengo udalbatzarrerako kargua Gallastegik betetzea. Arregik eskerrak eman zizkion Atxegari egindako ekarpenagatik, udalaren izenean.
Bestalde, lursailen lagapenei buruzko bi puntu landu zituzten bilkuran. GI-631 errepidearen bulebarizaziorako baliatu dituzten lursail gehienak publikoak zirela azaldu zuen alkateak, baina beste batzuk pribatuak. Haiek udalaren esku gelditzeko hitzarmen batzuk sinatu zituzten, tartean gasolindegiko lursailei lotutakoak, baina lagapena onartzea udalbatzarretik pasatu gabe zegoela jakinarazi zuen alkateak. Atzoko bilkuran, bi lursail horien lagapena onartu zuten, aho batez. Horrez gain, Astiaran eraikutza enpresak hasi zuen promozio bati zegokion 34 metro koadroko aparkaleku zati bat ere oraindik udalarena ez dela eta, erakunde publikoa jabe egiteko lagapena onartu zuten.
Era berean, apirilaren 30eko udalbatzarrean aurkeztutako plan ekonomiko finantzieroa aho batez onartu zuten. Plan horrek ziurtatu behar du Zestoako Udalak 2025ean eta 2026ean defizita 0 izango duela, 2024an aurrekontuen egonkortze legea bete ez duelako.
Kiroldegian, txartel sistema
Horrez gain, kiroldegiko barne araudiari hasierako onespena eman zioten. Arregik jakinarazi zuenez, tornua jarri dute kiroldegian, herritarren sartu-irtenak kontrolatzeko. "Kiroldegi gehienetan kontrolatzen dituzte sarrera-irteerak. Zestoan, gimnasio berria ireki zenetik, sarrerak kontrolatzen ziren, baina ez zuen ondo funtzionatu sistemak. Horregatik, orain aldaketa batzuk egin ditugu". Aldaketa nagusia txartelaren sistema ezartzea dela esan zuen alkateak. "Herritarren gehiengoa zintzoa da, baina beti egoten da iruzurrerako joera daukan jendea ere. Halakoak detektatu ditugu, eta erakunde publiko bezala, iruzurrari aurre egitea dagokigu. Bazkide izan gabe erabili du jendeak kiroldegia, eta sistema berria indarrean jartzean, kiroldegia erabili ahal izateko nahitaez bazkide izan beharko da". Sistema bera martxan jartzeko moduan dagoela jakinarazi zuen, baina martxan jarri ahal izateko araudia onartu beharra dagoela. Aho batez onartu zuten araudi berria, eta orain, 30 egunez jendaurrean egongo da; alegaziorik ez badago, indarrean sartuko da neurria.