Zestoa Santa Kutz jaietan murgilduko da gaur, baina herrian festa giroa hedatu aurretik, apirileko udalbatzarra egin zuten joan den asteazkenean. Hainbat gai jorratu zituzten osoko bilkuran, eta horien artean, urteko lehen aurrekontu aldaketa onartu zuten; horixe izan zen batzarrean landutako puntu nagusia, eta aho batez onartu zuten.
Mikel Arregi alkateak aipatu zuen urtean hiru bat aldaketa ohi dizkiotela aurrekontuari, eta aurrenekoa izan dela egin berri dutena. Gehikuntza 245.567,24 eurokoa izango da, eta kreditu transferentzia bidez egingo diote aurre horri. Batetik, sarreretan 173.267,24 euroko gehikuntza izango da. Zubiaurren aspaldiko urbanizazio batean obrak hasiko dituztela eta, promotoreak udalari haren %15 ordaindu behar diola jakinarazi zuen alkateak, eta horrela, erakundeak 110.000 euro jasoko dituela. Horrez gain, Zestoan bi bide oso egoera txarrean daudela adierazi zuen Arregik: Otolako bidea eta San Lorentekoa. Otolako bideko konponketak bi fasetan egingo dituzte, eta aurreneko fasean gastua 69.000 eurokoa izango da. Arregiren arabera, hori ordaintzeko aldunditik 35.000 euroko diru laguntza jasoko dutela aurreikusten dute. San Lorenteren kasuan, Zumaiako Udalak ordainduko du obren erdia: 20.447 euro jasoko ditu udalak horretarako.
Bestetik, indarrean dauden aurrekontuei gutxikuntza bat ezarriko diete: 72.000 eurokoa. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuen arloa udaletxetik kanpora ateratzea nahi dutela jakinarazi zuen Arregik, herriaren erdigunera eraman eta gune irisgarriago batean kokatzeko. Udalaren asmoa da lehiaketa bidez lokal bat erostea, eta horretarako, 60.000 euroko kopuru bat sartuta daukate gehikuntzan. San Juan fundazioarekin duten hitzarmena baliatuko dute kopuru hori estaltzeko. Izan ere, fundazioari 50.000 euro eman ohi dizkio udalak urtero, baina fundazioa prest dago 2025ari kopuru hori gabe aurre egiteko. Hori hala, udalak diru hori baliatuko du lokala erosteko.
Egonkortze legea bete gabe
2024ko aurrekontuaren likidazio ebaluazio txostena ere jakinarazi zuen alkateak udalbatzarrean. Hark azaldu zuenez, administrazioak aurrekontuen egonkortze legea betetzera behartuta daude, baina ebaluazio txostenak dio Zestoako Udalak ez duela legea betetzen. Hiru aldagai bete behar zituzten erakundeek 2024an legea errespetatzeko: defizita 0 izatea, zor bizia %70 baino gehiago ez izatea eta 2023ko aurrekontuarekiko gehikuntza %2,6 baino gehiago ez izatea. Udalak lehen eta hirugarren aldagaiak ez ditu betetzen: defizita ez da 0, iaz udalak uste gabe egin behar izan zuen "ordainketa handiagatik"; eta 2023ko aurrekontuarekiko %2,6 baino gehiago igo zen aurrekontua, GI-631 errepideko lanak tarteko. Zorpetzeari dagokionez, %10ekoa du udalak, eta beraz, baldintza hori betetzen du erakundeak.
Hiru aldagaietatik bat ez betetzea nahikoa da plan ekonomiko finantzario bat egin behar izateko, eta beraz, udala behartuta dago hori egitera. "2025ean eta 2026an hiru aldagai horiek betetzera behartuta gaude, eta plan horren bidez, Ogasunari egiaztatu beharko diogu legea bete egingo dugula. Horrek esan nahi du inbertsio jarduerak baldintzatuta izango direla datozen bi urteetan. Foru funts bidez jasotzen duen kopurua soilik erabili ahal izango du udalak inbertsioetarako", jakinarazi zuen alkateak. Plan hori udalean aurkeztean, bi hilabeteko epean onartu beharko du udalbatzarrak, eta ondoren, Ogasunak onespena eman beharko dio.
Dena den, alkateak aurreratu zuen planak Arroabeko igogailuaren eta autopistako markesinaren lanei eragingo diela bereziki. 2025ean Arroabeko igogailuaren obra osoaren %50 egin ordez, %30 gauzatuko dute, eta 2026an %70. Autopistako markesina, berriz, 2025ean egin beharrean 2026an egingo dute. "Hau ez dago oraindik onartuta, baina plana bide horretatik joango da", esan zuen Arregik.
Sahararekin bat
Aurrekontuari eta likidazioari lotutako puntuez gain, Saharako errefuxiatuen kanpalekuko Tichla herriarekin 1995ean sinatutako senidetzea berretsi zuen Zestoako Udalak udalbatzarrean, eta datozen urteetan Saharari laguntzeko konpromisoa adierazi zuen erakundeak.