Haurren danbor festarekin, agur santakutzei

Ihintza Elustondo 2025ko mai. 4a, 07:30

Santa Kutz jaietako haurren danborradan 180 bat umek parte hartu dute. Danbor jotzaileek, pandero jotzaileek, sukaldari, gastadore eta zalduntxo txikiek, banderadunek, Danbolin hedabideari eskainitako karrozak eta Bainuetxeko langileak irudikatu dituzten zirikatzaile-buruhandiek ikuskizun dotorea eskaini dute.

Zestoan Santa Kutz jaietan murgilduta izan dira egunotan, eta ohiko moduan, danborradak izan dira festetako hitzordu nagusiak. Ostiral gauean helduen txanda izan zen, eta atzo, berriz, herriko haurrak izan ziren danborrak gogotik astindu zituztenak. Guztira, 180 haur inguruk parte hartu zuten danbor festan, eta giro ederra sortu zen herrian.

Danbor jotzaileek, pandero jotzaileek, sukaldari, gastadore eta zalduntxo txikiek, banderadunek, Danbolin hedabideari eskainitako karrozak eta Bainuetxeko langileak irudikatu zituzten zirikatzaile-buruhandiek ikuskizun dotorea eskaini zuten, herriko musika bandak jotako piezen erritmoa jarraituz. Ikusleen babesak ere ez zien hutsik egin arratsaldeko protagonista nagusiei; jende asko elkartu zen danborradaren ibilibide osoan, bereziki Gurutzeko eta plazako geldialdietan.

Horrenbestez, egunotan festa giroan bete-betean murgilduta egon ostean, datorren urtera arte agurtu dituzte Santa Kutz festak Zestoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide