Danborradak piztu du Zestoan santakutzetako sugarra

Andoni Elduaien 2025ko mai. 3a, 10:33

Giro ederrean igaro zuten atzo gaueko danborrada, Zestoan. Herriko kaleetan zehar ibili ziren danborradako zortzi konpainiak, baina geldialdiak ere egin zituzten Gurutzean eta herriko plazan. Gauerdiarekin batera, suziria bota zuten udaletxetik, eta Zestoako bandera eta ikurrina altxatu zituzten.

Zestoan Santa Kutz jaietan bete-betean murgilduta daude. Atzo, Santa Kutz bezpera, jaien zigilu nagusia den helduen danborrada egin zuten gauean, eta giro ezin hobea nagusitu zen herrian. 22:30ean hasi ziren zabaltzen lehen danbor eta barrika hotsak, eta gauerdia ondo igaro arte etenik gabe jardun zuten zestoarrek.

Danborrada bitan banatuta hasi zuten zortzi konpainiek; Gure Txokoa, Gaztetxea, Trapuzarrak, Zitxontarrak, Ipintza, Lauiturri, Aldrebesak eta Atabalak taldeak atera ziren atzo ere kalera, eta aurreneko aldiz Gurutzean elkartu ziren denak. Han zenbait pieza jo zituzten Zestoako nahiz Azpeitiko musika bandek eta Zumai zein Ustekabe txarangek lagunduta, eta gauerdirako plazara iristeko, kalerik kale ibili ziren gerora ere bitan banatuta. 00:00 aldera heldu ziren konpainiak plazara, eta segundo batzuen atzerapenarekin izan bazen ere, suziria bota, herriko bandera eta ikurrina altxatu, eta festan jarraitu zuten.

Gaur, Santa Kutz eguna, Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin hasiko dute eguna. 12:00etan, Erremontari herriz herri txapelketako partidak jokatuko dituzte Gurutzeaga pilotalekuan. Arratsaldean, berriz, umeen danborrada egingo dute herriko kaleetan, 18:00etan hasita, eta 20:00etan, Ane eta Amets trikitilariek erromeria eskainiko dute udaletxeko arkupean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide