Arroabean nerabeen parte hartze prozesuko bilera egingo dute astelehenean

Nerea Uranga 2025ko ots. 12a, 16:26

Urtarrilaren 31n Zestoako herriguneko nerabeek egindako parte hartze prozesuko bilera. (Danbolin)

Arroabeko Elkargunean egingo dute bilera, 18:00etan hasita. Bertan, besteak beste, eskoletan jasotako proposamenak aurkeztuko dituzte, udalak horiek nola ikusten dituen azalduko dute eta hurrengo pausoak adostuko dituzte.

Zestoako Udalak 2024-2025 ikasturtearekin batera jarri zuen martxan nerabeekin eta nerabeentzako parte hartze prozesua; eta urte berria hasi eta gutxira, prozesu hori bigarren fasean sartu da. Prozesu horren barruko bilera otsailaren 17rako, astelehenerako, deitu dute Arroabeko Elkargunean. 18:00etan hasiko da bilera. Batzar horretan, besteak beste, honako gaiak landuko dituzte: eskoletan jasotako proposamenak aurkeztuko dituzte, Zestoako Udalak proposamenak nola ikusten dituen azalduko dute (egingarriak diren, martxan noiz jarri...) eta nerabeekin hurrengo pausoak adostuko dituzte.

Bilera bukatutakoan merendola egingo dute.

12 eta 16 urte arteko herriko nerabeen "interesak eta beharrak ezagutzeko" ekin zioten egitasmoari; baina horrekin batera, herriko nerabeen arteko harremanak bultzatzea, "nerabeekin harremana estutzea" eta "nerabeak herriko dinamikan parte aktibo bihurtzea" ere nahi du udalak prozesuaren bidez.

Zestoako herriguneko nerabeekin joan den urtarrilaren 31n egin zuten bilera, eta bertan azaldu zituzten parte hartze prozesuaren lehen faseko nondik norakoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide