Iritzia ematetik proposatzera, eta proposamenak errealitate bihurtzeko lanari ekitera. Zestoako Udalak 2024-2025 ikasturtearekin batera jarri zuen martxan nerabeekin eta nerabeentzako parte hartze prozesua; eta urte berria hasi eta gutxira, prozesu hori bigarren fasean sartu da. 12 eta 16 urte arteko herriko nerabeen "interesak eta beharrak ezagutzeko" ekin zioten egitasmoari; baina horrekin batera, herriko nerabeen arteko harremanak bultzatzea, "nerabeekin harremana estutzea" eta "nerabeak herriko dinamikan parte aktibo bihurtzea" ere nahi zuen udalak prozesuaren bidez.
Lehen fasea ixteko eta bigarrenari ekiteko joan den ostiralean jubilatuen tabernan egin zuten bilera jendetsuari erreparatuz gero, nerabeek egitasmo berriari harrera ona egin diotela esan daiteke, eta iritzi berekoak dira Leire Otaegi (Azpeitia, 1979) Gazteriako dinamizatzailea eta Alex Altolagirre (Azpeitia, 1986), prozesua dinamizatzeko sortutako talde motorreko kidea eta Jauzika elkarteko hezitzailea. "Sentipen oso onarekin" irten ziren urtarrilaren 31ko batzarretik, Otaegiren esanetan; "gauza polita da ikustea beraiek ere zer jarrera duten", dio Altolagirrek nerabeetaz, batzarrak ez ezik prozesuak orain arte emandakoarekin gustura.
30etik gora proposamen
Duela urtebete inguru hasi ziren ikasturte honen hasieran martxan jarri duten prozesua prestatzen. Hainbat eragileren iritziak eta ekarpenak jaso zituzten, aldundira jo zuten aholku bila, parte hartzeaz eta horrelako egitasmoez formazioa jaso zuten udaleko teknikari zein ordezkari politiko guztiek... "Prozesu potoloa zen, eta ahal zen ondoen eta ezerk ihes egin gabe egitea nahi genuen", dio Otaegik.
DBHko eskolarik ez dago Zestoan, eta beraz, 12 eta 16 urte arteko herriko nerabe denek herritik kanpo ikasten dute. Ikasturte honetan, adin tarte horretako ehun zestoar dabiltza Azpeitiko Urola ikastolan; eta beste 40 inguru, Arroabekoak, Zumaian, Zumaiako Herri Eskolan batzuk eta Zumaienan besteak. Prozesuaren lehen fasean, udazkenean, ikastetxeetan elkartu ziren nerabeekin, Jauzikako kideek dinamizatutako saioetan; horietan plazaratutako ideiak, kezkak eta proposamenak landu, findu, eta 30etik gorako zerrenda osatu zuten. Joan den ostiraleko bileran, proposamen guztiak aurkeztu zituzten, eta Nerea Goikoetxea eta Lorea Ilundain zinegotziek horietako bakoitzaren bideragarritasuna azaldu zieten bertaratutako 60 nerabeei.
Aisialdi espazioekin eta azpiegiturekin, mugikortasunarekin eta kultur, kirol, festa zein aisialdi ekintzekin lotutakoak dira nerabeek mahai gainean jarri dituzten proposamenak. «Lehen bi ataletakoak gehiago daude udalaren esku», Altolagirrek azaldu bezala, eta horietako bakoitzaren egingarritasuna azaldu zieten zinegotziek nerabeei batzarrean. Horrenbestez, ekintzen zerrendari eutsi diote parte hartze prozesuaren bigarren faseari ekiteko. Eta horixe da, hain zuzen ere, nerabeei orain dagokiena: ekitea.
Bidearen garrantzia
"Bigarren fase honetan asmoa da proposamenak garatzerakoan nerabeek beraiek antolaketan parte hartzea, ekimena hartzea. Guk lagunduko diegu, baina beraiek izango dira protagonista nagusiak", azaldu du, hain zuzen, Otaegik. "Gu erreferentziazko pertsonak gara, zubi lan horretan bultzada txikiak emango dizkiegunak, baina benetako ardura beraiek hartu behar dute beren gain, eta bide horretan ikasiko dute gauzak zer-nola diren", nabarmendu du, ildo beretik, Altolagirrek. "Egin dituzten proposamen askotan aipatzen zuten eskaerak egiten dituztela, baina ez dietela kasurik egiten. Orain, ikus dezagun honek guztiak zer lan ekartzen duen. Prozesu honen helburuetako bat hori da, izan ere: nerabeek ikustea, ikastea eta baloratzea proposamenak aurrera eramateak eskatzen duen inplikazio maila", gaineratu du Jauzikako hezitzaileak.
Kirol txapelketak, Agiro mendi klubarekin lo egitera joateko irteerak, Arroaerrekan festak antolatzea, amabirjinen antolaketan parte izatea, baltsa jaitsiera eta askotariko ikastaroak daude, beste batzuen artean, nerabeek proposatutako ekintzen zerrendan, eta horiek gauzatzen hasteko lehen pausoa aurreko bileran bertan eman zuten: nerabeek gustuko zituzten edo bultzatu nahi dituzten ekintza horietan izena emateko aukera izan zuten. Lantaldeak osatuta, ekintza bakoitza gauzatzeko zer pauso eman eta nola zehazten joango dira hemendik aurrera, Gaztelekuko begiraleen eta prozesuaren dinamizatzaileen laguntzarekin, baina nerabeen "inplikazioarekin", beti ere.
Denborak erakutsiko du nerabeen hasierako proposamenek eta asmoek bidea egingo duten ala bidean geldituko diren, baina bideari berari ematen diote garrantzia prozesuaren sustatzaileek. Hain zuzen ere, parte hartzeaz zer ulertzen zuten, beraientzat parte hartzea zer den, izan zen nerabeekin eskoletan landu zuten aurreneko kontua.
Bigarren faseak ez dauka epe mugarik; lantzen hasi diren parte hartze sistema gauzak egiteko modu iraunkor bilakatzea nahiko lukete sustatzaileek. Orain arte egindako bidea "polita" izan dela diote Altolagirrek eta Otaegik, nerabeek "hasieratik" erakutsi duten inplikazioarekin gustura.