12 eta 16 urte bitarteko herriko nerabeen "interesak eta beharrak ezagutzeko" parte hartze prozesua martxan jarri du Zestoako Udalak. Nerabezaroak berekin dakartzan aldaketak aregotzen dituzten zenbait faktorek eragiten diete Zestoako nerabeei, udalak azaldu duenez: "Nerabezaroa berez aldaketa garaia bada, Zestoako nerabeek beste aldaketa garrantzitsu bat ere izaten dute 12 urterekin: herriko ikastetxean LHko ikasketak bukatu, eta Azpeitira edo Zumaiara joaten dira DBH ikastera. Eskolaz eta herriz aldatzen dira, eta mundu berri bat irekitzen zaie. Aldaketa garai horretan, lagunarteko ohiturak ere aldatzen doaz, eta beren aisialdia beste modu batera antolatzen hasten dira".
Aldaketa horiei guztiei aurre egitea dagokien nerabeekin harremana estutzea nahi du udalak egitasmo berriarekin, harreman hori "gertuagokoa" izatea eta "nerabeak herriko dinamikan parte aktibo bihurtzea". Horrez gain, prozesu berriarekin nerabeak eta gazteak ahalduntzea, beren arteko harremanak sustatzea eta "komunitatean herritar aktibo" bihurtzea ere nahi du erakundeak. "Bide batez, udalak nerabeen beharrak entzutea, nerabeek udalaren egitura eta funtzionamendua ezagutzea, udalaren eta nerabeen arteko elkarlanerako espazioak sustatzea eta udal politiketan nerabeen protagonismoa indartzea ere bilatzen ditu prozesu honek", gaineratu du udalak.
Herriko nerabeez eta udalaz gain, gazteak, ikastetxeak, herriko eragileak, prozesua martxan jarri duen talde motorra, Jauzika eta Oinherri elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere tartean daude parte hartze prozesuan.
Bi faseko prozesua
Parte hartze prozesua bi fasetan irudikatu dute, eta 2024-2025 ikasturtearen hasierarekin batera martxan jarri zuten lehen fasea. Irailean eta urrian prozesuaren nondik norakoak aurkeztu zizkieten ikastetxeei –Azpeitiko Urola Ikastola, Zumaiena eta Zumaiako Herri Eskola–, udal teknikari eta zinegotziei, eta herriko eragileei.
Aurkezpenen ondoren, gazteekin lan egiten duten dinamizatzaileek formakuntza jaso dute eta DBHko ikasleekin lehenengo parte hartze saioak egin dituzte lehen aipatutako eskoletan. Udal teknikariek eta zinegotziek ere jaso dituzte nerabezaroari buruzko eta nerabeen parte hartzeari buruzko formakuntza saioak, Oinherriren eta Jauzikaren eskutik; eta azaroan zehar, DBHko ikasleekin bigarren parte hartze saioak egingo dituzte eskoletan.
Lehen fasea abenduan amaitzea aurreikusten dute prozesuaren sustatzaileek, eta abenduan bertan, lehen faseak emandakoa helaraziko diete nerabeei, udalari zein herriko eragileei.
Bigarren fasea, berriz, "urtarriletik aurrera" iritsiko da. Lehen fasean egindako informazio bilketari forma ematea izango da, hain zuzen, bigarren fasearen edukia. "Zestoako Udalak nerabeen eskaeren eta beharren lehentasunak finkatuko ditu. Ondoren, nerabeekin 2025eko ibilbidea finkatu, eta haiekin beren eskaerak eta beharrak lantzen hasiko dira, gazte dinamizatzaileek lagunduta. Azken hori otsailetik aurrera egitea aurreikusten da", azaldu du udalak.