Aurtengoan ere Akoako aldapan behera eta zaldi gainean iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Zestoara. San Juan zaharren egoitza parean jendetza zuten zain, baina herritarrak agurtzen hasterako, Milagrosa kaperan geldialdia egin dute Jesusi mirra, urrea eta intsentsua emateko. Ondoren, herrigunerako bidea hartu dute, eta herrian eman duten itzulian zehar ez zaie falta izan konpainiarik, ume, nerabe eta heldu, asko izan baitira Errege Magoei ongi etorria ematera kalera atera diren zestoarrak. Musika banda ere lagun izan dute ibilbide guztian.
Herria alderik alde zeharkatu, eta Gisasola egoitzan egin dute bigarren geldialdia hiru Erregeek, ohikoa duten legez. Barrura sartu eta bertako egoiliarrekin pixka batean egoteko beta hartu dute, eta Musika Bandak abesti bat ere jo die. Handik, herriko plazan barrena, elizarantz jo dute denek. Meltxor, Gaspar eta Baltasar ailegatzerako, jende ugari zegoen elizan, eta haurrak zain zituzten ilaran, eskuetan eskutitzak zituztela. Musika bandak girotuta, umeek aukera izan dute Errege Magoei gutuna eskura emateko, haiekin argazkiak ateratzeko eta solasalditxoa izateko.