Aiora Urbieta zestoarrak Geure gorputzean eta etxean burujabe liburua berria idatzi berri du, eta datorren asteartean herrian aurkeztuko du, Portale kulturgunean, 18:30ean hasita. Urbietak Durangoko Azokan egin zuen liburuaren lehen aurkezpena, eta bere herrikideen aurrean egingo du bigarrena.
Urbietak Gukari duela egun batzuk azaldu zionez, liburua errezeta bilduma bat da, lau urtarotan banatuta dago, eta urtaro bakoitzerako egokienak diren errezetak proposatu ditu inguruko baliabideak-eta modu egokienean aprobetxatzeko. Urtaro bakoitzaren barruan, beste lau atal daude, eta honakoak dira: Etxea goxatzeko, Geure gorputzean, Garbiketa eta Sukaldean. Etxea goxatzeko atalean, kandelak, intsentsuak... etxea girotzeko errezetak jaso ditu; Geure gorputzean atalean, geure gorputzaren oinarrizko zaintzarako sendabelarrakin-eta egindako prestaketak, xaboiak, hidratatzaileak eta abar; Garbiketa atalean, garbiketako produktuak prestatzeko errezetak; eta Sukaldean atalean, denetarik, konbertsak, hartzidurak, xarabeak eta abar.