Geure gorputzean eta etxean burujabe liburua idatzi berri duzu. Zer jaso duzu liburuan?
Liburua errezeta bilduma bat da, lau urtarotan banatuta dago, eta urtaro bakoitzerako egokienak diren errezetak proposatu ditut inguruan dauzkagun baliabideak-eta modu egokienean aprobetxatzeko. Urtaro bakoitzaren barruan, beste lau atal daude, eta honakoak dira: Etxea goxatzeko, Geure gorputzean, Garbiketa eta Sukaldean. Etxea goxatzeko atalean, kandelak, intsentsuak... etxea girotzeko errezetak daude; Geure gorputzean atalean, geure gorputzaren oinarrizko zaintzarako sendabelarrakin-eta egindako prestaketak daude, xaboiak, hidratatzaileak eta abar; Garbiketa atalean, garbiketako produktuak prestatzeko errezetak daude; eta Sukaldean atalean, denetarik, konbertsak, hartzidurak, xarabeak eta abar.
Beraz, ez da sendabelarrei buruzko liburu bat bakarrik.
Ez, sendabelarrak erabiltzen ditut prestaketa gehienetan, baina olio esentzialak ere erabiltzen ditut, eta kontserbak egiteko garaian baratzeko eta garaiko produktuak ere bai.
Nola sortu zitzaizun liburua egiteko ideia?
Liburuan jaso ditudan gauza horiek guztiak etxean egiten ditugu guk, eta urtaroka antolatuta izaten ditut lanak; alegia, zer egin eta noiz inguruko baliabideak ahalik eta egokien aprobetxatzeko. Gauza horien inguruan ikastaroak-eta ematen ditudanez –oraintxe bertan hori da nire lana– eta ikusita ikastaro guztiak motz geratzen zaizkigula eta jendeak gehiago jakiteko gogoz bukatzen dituela, pentsatzen hasi nintzen egokia izan zitekeela nire jakintza liburu batean biltzea. Izan ere, hainbeste errezeta dira, denak suelto emanez gero, jendea galduta aurkitzea izango litzateke normalena. Esan nahi dudana da, urteetan ez bazara ari gauza horiek egiten eta ez badauzkazu lan horiek antolatuta, oso zaila dela jakitea nondik nora hasi, zer egin zein garaitan eta abar; pixka bat kaotikoa izan daiteke. Horregatik, liburua ere ahalik eta modu errazenean antolatzen saiatu naiz; lau urtaro lau ataletan banatu ditut, eta hartara, ez dira zoratuko lanean hasterako.
Geure gorputzean eta etxean burujabe izena du liburuak. Senbalarren eta erremedio nahiz prestaketa naturalen jakintza izateak burujabe egiten al ditu herritarrak?
Bai, eta ez bakarrik prestaketa horiek ordezkatuko ditugun produktuekiko mendekotasunetik askatuko gaituztelako; kontuan izan behar dugu horrek guztiak zenbat baldintzatzen duen gure osasuna bera ere. Gaur egun sistema endokrinoari lotutako ohiko gaitz askok lotura dute etxean erabiltzen ditugun produktu kimikoekin; beraz, produktuak baliabide naturalekin prestatzea da modu bat gaitza etxera ez sartzeko, ahal den neurrian behintzat. Ez dago osagai asko erabili beharrik, diru asko gastatu beharrik, etxean modu naturalean egindako oinarrizko gauzak izateko.
Zeuk bakarrik jardun duzu liburua egiten ala norbaiten laguntza izan duzu?
Liburua bera neuk egin dut, baina argazkiak Alain Martinez Iribarrenek egin ditu, eta haren argazkiek asko jantzi dute liburua. Neuri ere liburuak beti gustatzen zaizkit irudiekin, eta oso polita gelditu da haren argazkiei esker.
Noiz piztu zitzaizun sendabelarrekiko eta produktu naturalekiko interesa?
15 bat urterako asko interesatzen zitzaizkidan sendabelarrei lotutako kontuak. Amak liburu bat oparitu zidan orduan, eta nahiko obsesionatuta hasi nintzen xaboiak, kosmetikoak eta abar egiten. Gurasoen etxetik irten nintzenetik mendi inguruan bizi izan naiz, baserrian, hainbat baserritan, eta beti aritu izan naiz baratzean, beti egin izan ditut kontserbak eta abar. Beraz, 15 bat urterekin hasi eta bidea egiten joan naiz, jarraitu eta jarraitu, gaur egunera iritsi arte. Betidanik gustatu izan zaizkit mendia, animaliak... Naturak betidanik erakarri izan nau asko, ez sendabelarrek bakarrik, baina sendabelarrek bereziki.
Izan duzu inguruan sendabelarrez-eta irakatsi izan dizun norbait ala zeure kasa joan zara ikasten?
Etxean inor ez zen sendabelarrekin ibiltzen, gurasoek esaten zuten aitonak erabiltzen zuela bat edo beste, baina oso gutxi. Liburuetatik-eta ikasi nuen, eta gero, Naturopatia eta Herboristeria ikasi nituen eta masterrak-eta egin nituen; ez zen izan, beraz, etxetik etorri zitzaidan zerbait, edo nik hala uste nuen duela hilabete gutxira arte. Izan ere, liburua prestatzen ari nintzela, gauza bitxia gertatu zitzaidan, eta liburuan ere halaxe jaso dut: Aizarnako baserritar batekin sendabelarren inguruan hizketan ari nintzela, esan zidan nire birramona zela Aizarnako medikua, sedabelarrekin-eta ibiltzen zela, eta nik ordura arte ez nekien hori, eta nire etxean inork ez zekien. Gero, nire aitonaren arrebarekin hizketan egon nintzen horri buruz, eta hark esan zidan gauza horietaz ez zela hitz egiten, gaizki ikusita zeudela gauza horiek eta salatu egiten zituztela horrela ibiltzen zirenak. Nire birramona Mariari baserrietatik-eta deitzen omen zioten, eta gauez eta bera bakarrik ezkutuan joaten omen zen batera eta bestera, gehienbat umeak tratatzera.
Harengandik etorriko zitzaizun orduan sendabelarrekiko interesa...
Nik hala sinetsi dut behintzat. Ordura arte, zentzu horretan, nolabait umezurtz sentitzen nintzen, eta hori jakin nuenean, bidean egundoko argitasuna ikusi nuen.
Eta gizartean ere uste duzu geroz eta interes handiagoa dagoela horrelako gauzekiko?
Bai, zalantzarik gabe. Jende gehiago ere ibiltzen da sendabelarren inguruko ikastaroak-eta ematen, eta denak bete egiten dira; gainera, jendeak, behin hasitakoan, gehiago eta gehiago nahi izaten du, ikusten duelako modua ez dela zaila eta errezetek funtzionatzen dutela.