DURANGOKO AZOKA

Durangoko Azoka, kultura hartzeko eta emateko prest

Aritz Mutiozabal 2024ko abe. 5a, 08:37

Haibat lagun Durangoko Azokan azken prestaketak egiten. (Durangoko Azoka)

Gaur irekiko ditu ateak Euskal Herriko liburu eta disko azoka garrantzitsuenak, Hartzea ematea DA! lelopean. Eskualdeko hainbat lagunek aurkeztuko dituzte lanak igandera bitartean.

Euskararen Nazioarteko Egunaren lorratzari jarraituz, kasualitatez edo kausalitatez, Durangoko Azokak luze zabaltzen ditu bere hegoak, euskal kultur komunitatearen sortze lanei ezinbesteko bultzada emateko; aireratzeko baliabideak eman eta lau haizetara zabaltzen laguntzeko. Azken urteetan, Gabonetako opariak erosteko euskal merkatuaren black friday moduko baten antza hartu duen arren, muinean senidetasuna eta konpromiso irmoa daude. Ez diote alferrik jarri Hartzea ematea DA! leloa 59. aldiari.

"Kultura jasotzea, gizarteari bueltan emateko bide bat" dela nabarmendu dute antolatzaileek: "Euskaraz jasotzen den kulturak, euskaraz eta euskara indartsuago batean bizitzen lagunduko digu". Euskal kulturak bizi duen egoerari erreparatuta, kulturazaleen edo hartzaileen ekarpenari balioa eman diote. Binomio berezi hori Durangon bakarrik gertatzen da, sortzaileak beraiek etxekoak direlako, kulturazaleak sortzaileak direlako, kontsumitzaileak euskaltzaleak direlako... eta lehen eskutik ezagutu nahi dituztelako sortze lan prozesuaren nondik norakoak, hausnarketa gaien inguruko ikuspuntu ezberdinak, zuzeneko emaitzak. Euskaraz oro delako posible, euskara gozatzeko egina dagoelako.

Landako guneak 10:30ean zabalduko ditu gaur ateak, eta Udane Juaristi azkoitiarrak Balurekin batera aurtengo ediziorako ondutako kartelak egingo die ongietorria lau egunez bertaratuko diren milaka laguni. Hamaika argitaletxeren, elkarteren eta besteren postuk hartuko dute espazioa, eta horietan Urola Kostako hainbaten lanik berrienak topatu ahal izango dira. Horietako askok, gainera, zuzeneko aukezpena egingo dute, bai Ahotsenean, bai Plateruenan. Bertaratu aurretik, eguneko egitaraua ongi zehaztea litzateke egokiena.

Egitaraua

Durangoko Azokaren 59. edizioa gaur hasi eta igandera arte egingo dute, abenduaren 8a bitartean. Azokak 10:30ean zabalduko ditu ateak egunero eta 20:00etan itxi; igandekoa izango da salbuespena, 18:00etan itxiko baita azoka. Lan berriak aurkezteko berrehun ekitaldi inguru programatu dituzte, eta horietatik hainbat Urola Kostako sortzaileenak izango dira. Durangoko Azoka etxetik ere jarraitu ahalko da: tokiko telebistetan, azokaren webgunean, Youtuben eta EITBn, hain zuzen.

Gaur, osteguna

  • 16:00-16:30. Euri gorriaren azpian liburua aurkeztuko du Asier Serranok, Ahotsenean.
  • 16:00-17:15. Ibon Gaztañazpiren Errio film dokumentala emango dute, Irudienea-Zugazan.
  • 19:00-19:30. Joseba Zulaikak Aberriaren inpaseak saiakera liburua aurkeztuko du, Ahotsenean.

Bihar, ostirala

  • 11:00-11:30. 2025eko Euskaraldiko abestiaren aurkezpena, Talaia-Landakogunean. Abestia Bulego taldeak egin du.
  • 11:00-14:00. Hartzea ematea DA! kartelak sinatzen ariko dira Udatxo eta Balu, azokan.
  • 12:00-12:30. Hetero liburua aurkeztuko du Uxue Alberdik, Ahotsenean.
  • 16:30-17:00. Geure gorputzean eta etxean burujabe liburua aurkeztuko du Aiora Urbietak, Talaia-Landakogunean.
  • 17:30-18:00. Haziak. Zergatik eta nola egin zureak liburua aurkeztuko du Argiak, Talaia-Durangoko Museoan. Miguel Arribas Kelo da proiektuaren bultzatzaileetako bat.
  • 18:30-19:00. Miren Gorrotxategik Lima. Konjuruliburu liburua aurkeztuko du, Ahotsenean.
  • 19:00-19:30. Iñaki Iturainek Denboraren zubia narrazio liburua aurkeztuko du, Ahotsenean.

Abenduak 7, larunbata

  • 11:00-11:30. Malen Amenabarrek eta Miren Amurizak Anastasini zirkua liburua aurkeztuko dute, Ahotsenean.
  • 11:30-12:30. Hik eta biok. Euskal Gaien Institutua-Deustuko Unibertsitatea mahai ingurua, Talaia-Durangoko Museoan. Partaideak: Garbiñe Bereziartua, Ana Jaunarena, Onintza Legorburu, Elixabete Perez Gaztelu eta Beñat Arruti.
  • 13:30-14:00. Anjel Lertxundi: idazlea eta obra aurkeztuko du EHU Argitalpenak, Talaia-Landakogunean. Ekitaldian honako hauek parte hartuko dute: Beatriz Zabalondo, Alex Gurrutxaga eta Elisabete Alberdi.
  • 16:30-18:15. Negu hurbilak film emanaldia, Negu kolektiboaren eskutik, Irudienea-Zugazan. Negu kolektiboko partaideak: Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofre eta Adria Roca.
  • 17:00-17:30. Kosmetikoak sendabelarrekin zuk zeuk egitearen ederra liburua aurkeztuko du Garbiñe Larreak, Talaia-Landakogunean.
  • 18:30-19:00. Zebrak eta bideak narrazio liburua aurkeztuko du Nerea Loiolak, Ahotsenean.
  • 19:00. Uztapide eta Xalbador, bi adiskide mugaz gaindi liburuaren gaineko solasaldia, Talaia-Landakogunean. Partaideak: Pako Aristi, Mikel Arregi, Xole Aire, Eneko Bidegain, Jexux Mari Mujika eta Inazio Mujika.
  • 20:20-20:50. Ezpalak musika taldeak Gatza diskoa aurkeztuko du, Ahotsenea-Plateruenan. 

Abenduak 8, igandea

  • 11:00-11:30. Josefa neskame liburua aurkeztuko du Alaitz Melgarrek, Ahotsenean. Josefa Agirre Etxeberria azpeitiar zenaren bizitza berreraikitzen du lanak.
  • 11:00-12:00. BaDAbil! zuzeneko podcasta aurkeztuko dute Amancay Gaztañagak, Beñat Sarasolak eta Idoia Asurmendik, Talaia-Landakogunean.
  • 13:30-14:00. Martin Martina liburua aurkeztuko du Amancay Gaztañagak, Ahotsenean.
  • 15:40-16:10. TU-K taldeak Tuka esaten da! diskoa aurkeztuko du, Plateruenan.
  • 16:50-17:20. Zamalanak diskoa aurkeztuko du zuzenean Keia taldeak, Plateruenan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide