Zestoako Udalak hirugarrenez antolatu du Arkeologia Astea, eta atzo eman zion hasiera egitasmoari. Beste behin, Asier Gomez EHUko ikertzailea Zestoan izan zen solasaldia eskaintzen, eta hura arduratu zen atzo egitaraua irekitzeaz. Hain zuzen, Georgiatik Zestoara, Atapuercatik pasaz; lehenengo gizakiaren zantzuak bilatzen Urola bailaran izeneko hitzaldia eskaini zuen hark Alonderon, aretoan elkartu ziren dozenaka lagunen aurrean.
Atzoko hitzaldiaren ondotik, bihar beste hitzaldi bat izango da: Azken neandertalak Euskal Herrian izeneko saioa eskainiko du Joseba Rios ikerlariak leku berean, 19:00etan hasita. Aurten, bi hitzaldik eta azokak osatuko dute Zestoako Arkeologia Astea, eta igandean izango da azken ekintza hori: Antxieta arkeologia taldearen eskutik, 11:00etatik 15:00etara bitartean plazan jarriko dute herri azoka.