Gabonetarako egun gutxiren faltan, Arroabean egun horietan egingo dituzten ekintzak jakinarazi dituzte. Abenduaren 20tik urtarrilaren 10era bitartean hainbat jarduera egingo dituzte Arroako Olentzero eta kabalkada elkarteak, Arroako herri eskolak, Sakulupe guraso elkarteak, Ezkaizto auzo elkarteak eta Zestoako Udalak elkarlanean antolatuta.
Abenduaren 20an, 10:30ean, eskolatik kalejiran joango dira plazaraino, eta han Olentzerori eta Mari Domingiri oingietorria egingo diete. Gabon egunean, berriz, hilaren 24an, Gabon kantekin alaituko dituzte kale eta baserriak, 09:00etan plazatik abiatuta. Aldiz, abenduaren 29rako bi jarduera prestatu dituzte; batetik, 10:45ean, Zestoako San Juan eta Gisasola egoitzetara joango dira abestera eta bertako adinekoei opari bana ematera, eta bestetik, 17:00etan, paperezko etxeen tailerra egingo dute Elkargunean. Urtarrilaren 5ean, Erregeei ongietorria egingo diete Olaeta kaleko autobus geltokian –bezperan eta egunean bertan Erregeei gutuna bidaltzeko postontzia egongo da eliza atarian–, eta urtarrilaren 10ean, Olentzerotako afaria egingo dute, 20:00etan umeek eta 21:00etan gazteek zein helduek.
Hona hemen Arroabeko Gabonetako egitaraua:
- Abenduak 20, ostirala.
- 10:30. Eskolatik kalejiran plazara.
- Ondoren, Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria plazan.
- Abenduak 24, asteartea.
- 09:00. Gabon eskea plazatik abiatuta.
- Abenduak 29, igandea.
- 10:45. Zestoako San Juan eta Gisasola adinekoen egoitzetara bisita, Arroabeko plazan elkartuta.
- 17:00. Paperezko etxeak egiteko tailerra, Aran Santamariak gidatuta, Elkargunean.
- Urtarrilak 5, igandea.
- 18:10. Erregeen etorrera Olaeta kaleko autobus geltokian. –Urtarrilaren 4an eta 5ean postontzia egongo da eliza atarian–.
- Urtarrilak 10, ostirala.
- 20:00. Olentzerotako umeen afaria.
- 21:00. Olentzerotako gazteen eta helduen afaria.