Urte bat bete du Biolurrek sustatutako Amillubi Lurra Taupaka proiektuak. 2023ko abenduaren 1ean aurkeztu zuten egitasmoa jendaurrean bi urte atzeko lanetan ibili ostean. Proiektuaren bidez, Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta bere lurrak modu kolektiboan erosteko ibilbideari ekin zion Biolurrek, "lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babesteko asmoz, eta lehen sektorea eta elikadura sistema indartzeko helburuarekin". Agroekologia mugimenduari dituen beharrak asetzen laguntzea da Amillubi proiektuaren helburuetako bat.
Urtebete igaro da ordutik, eta abenduaren 1ean urtemuga ekitaldia egin zuten Amillubin bertan. Hara gerturatu da GUKA, egitasmoa zertan den ezagutzeko asmoz.