Urtebetean egindako lana eta aurrera begirako erronkak gogoratuz ospatu dute Amillubiren lehen urtemuga

Maialen Etxaniz 2024ko abe. 1a, 17:15

Proiektuaren hastapenak gogoratzeaz gain, azken urtebetean egin dituzten lanen inguruko xehetasunak eman dituzte Amillubi proiektuko kideek, lehen urtemuga ospatzeko egindako ekitaldian. Ekitaldia amaitzeko, baserriko aurreko belaunaldiak omendu dituzte. Proiektuaren sustatzaileek "asko" dute egiteko, baina gogorik ez zaie falta. Amillubiren lehen urteurrenaren harira, bideo erreportajea plazaratuko du Gukak. 

Gaurko egunez duela urtebete, 2023ko abenduaren 1ean aurkeztu zuten Amillubi Lurra Taupaka egitasmoa Azpeitiko azoka plazan. Urtebete igaro, Amillubin bertan egin dute lehen urtemuga ospatzeko ekitaldia, egindako lana gogora ekarriz eta aurrera begirako asmoak eta erronkak gogoratuz. 

Egunari ekiteko, auzolana egin dute aurrena, 10:00etan hasita. Besteak beste, ongarri berdea erein dute, lore baratza jarri, komuna egokitzeko lanak amaitu... Eta, behin lanak amaituta, mokadutxoa eta ekitaldia egin dituzte baserriaren ondoan, belaunaldi aldaketa irudikatzeko zaharberritu duten goldearen ondoan, hain zuzen.

Egindakoa eta egitekoa

Era batera edo bestera Amillubi proiektuak parte hartzen duten kideek hartu dute hitza, eta hastapenak gogoratu dituzte aurrena, gogora ekarriz proiektuak 2020. urtean dituela lehen erroak. Biolurrek begiz jota zituen Amillubi inguruko lurrak, eta, aldi berean, hainbat nekazari gazte hasiak ziren ondoko lurrak lantzen. 

Urola ibaiaren meandroan dago kokatuta Amillubi baserria, Zestoako Iraeta auzoan. Lur horiek nekazaritzarako "oso aberatsak" dira, eta "oasi" horri ihes egiten utzi ezin zietela pentsatuta hasi ziren lanean; izan ere, Amillubiko lurrak meandro batean egoteak berezi egiten ditu, eta adituen arabera, balio agroekologiko handiko nekazal lur, belardi eta basoak dira: 25.000 metro koadroko nekazal eremua dauka, 15.000 metro koadroko belardi naturala eta 50.000 metro koadroko basoa". Biolurrek uste zuen "ondare hori kalitatezko elikagaiak sortzeko babesteko aukera" zegoela, eta hainbat hausnarketen ostean, 2023ko ezohiko batzar nagusi batean proiektuarekin aurrera egitea erabaki zutela gogoratu dute gaurko ekitaldian. Ondoren, azken urtean egindako lanak zerrendatu dituzte. Besteak beste, porru mintegia osatu dute, eta bertan hazitako 120.000 porru landarek Gipuzkoako nekazariei eman zizkieten. Brokoli haziak, babarruna, garia... etbr sartu dituzte, eta lurrak eta lur-sailak behar dituen egokitzapenak egin dituzte. Esaterako, fitodepurazio sistema egokitu dute, baita aterpea txukundu ere. 

Era berean, kanpora begirako ekintzak ere egin dituzte; besteak beste, liburu aurkezpenak, auzolan irekiak edota Udaberriko Lurra Taupaka Festa

Gaur egungo egoera ekonomikoa ere azaldu dute gaurko ekitaldian; izan ere,  lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak. Lehen urtean 310.000 euro eskuratu ditu. Euskal Herriko osoko norbanakoen aldetik sustengu zabala lortu du proiektuak, eta hainbat erakunde, enpresa eta eragilek ere babestu dute. Orotara, 310.000 euro eskuratu ditu, horietatik 190.800 euro herritarren artean zabaldu zuten crowfounding kanpainaren bidez; baina 100.000 euro dira oraindik batzeko dituenak. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez die herri onura aitortzarik egin eta ondorioz, 20.000 euro ordaindu beharko ditu Amillubik transmisio zergetan. Horrek eragina izan du proiektuko kideen asmoetan eta baliabideetan. 

Aurrera begira "asko" dute egiteko, eta horretarako talde eragileko nahiz lantaldeetako kideen lana beharrezkoa izango dute. Esaterako, egin beharren artean kokatu dute baserria egokitzea eta txukuntzea. Egitekoen zerrenda luzea duten arren, "lanean jarraitzeko ilusioz" daudela azaldu dute gaur, eta aurrera begirako erronka gisa jarri dute antolaketa eredu ahalik eta eraginkorrena aurkitzea, proiektuaren eta elkarren arteko zaintza ere kontuan hartuz. 

Ekitaldia amaitzeko, baserriko aurreko belaunaldiak omendu dituzte, "haiek gabe hau guztia ez baitzen posible izango". Haien ekarpenaren ikur izango da Amillubiko golde zaharberritua. Bertsoak ere bota dituzte.  

Erreportajea, bideoan

Amillubi Lurra Taupaka proiektuaren bidez, Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta bere lurrak modu kolektiboan erosteko ibilbideari ekin zioten, "lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babesteko asmoz, eta lehen sektorea eta gure elikadura sistema indartzeko helburuarekin". Hain zuzen, Agroekologia mugimenduari dituen beharrak asetzen laguntzea da Amillubi proiektuaren helburuetako bat. 

Amillubiren lehen urteurrenaren harira, proiektuaren inguruko bideo erreportajea kaleratuko du Gukak datozen egunetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide