Berrehun lagunetik gora elkartu dira elikadura burujabetzaren alde Amillubin, Udaberriko Lurra Taupaka Festan

Ihintza Elustondo - Maria Maya Manterola 2024ko mai. 11a, 13:43

Udaberriko Lurra Taupaka Festa egiten ari dira Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserrian. Biolurrek sustatutakoa da Amillubiko proiektua, eta zera du helburu: Amillubi baserria eta haren lur eta basoak erostea, urratsak modu kolektiboan eginda. Finantzaketa kolektibo kanpaina dute martxan horretarako, eta oraingoz, 108.000 euro eskuratu dituzte (150.000 euro biltzea da helburua). Gaur, lehen aldiz, Amillubiko ateak zabaldu dituzte, proiektua gizarteratzeko.

Amillubi Lurra Taupaka egitasmoa festa berezia egiten ari da gaur, Amillubin bertan: Udaberriko Lurra Taupaka Festa, hain zuzen ere. Biolurrek sustatutakoa da Amillubiko proiektua, eta zera du helburu: Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta haren lur eta basoak erostea, urratsak modu kolektiboan eginda. Hala, "lurra ondasun kolektibo bilakatzea" du helburu Biolurrek, lurra "espekulaziotik eta artifizializaziotik" babestuz eta lehen sektorea eta elikadura sistema "indartuz". Bide horretan, finantzaketa kolektibo kanpaina abiatu zuten, 150.000 euro eskuratu eta baserria eta haren lurrak erosi ahal izateko. Gaur, jai giroan ospatu nahi izan dute orain arte egindako bidea.

Proiektua martxan jarri zutenetik, askotariko ekitaldiak egiten ari dira Biolurreko kideak herritarren babesa lortzeko, baina gaur, lehen aldiz, Amillubiko ateak zabaldu dituzte, proiektua gizarteratzeko. Goizean, bisita gidatua egin dute, eta eguerdi eta arratsaldean, berriz, kultur ekintzak izan dira; besteak beste, Enekoachekin Lurrarekin konexioa saioa, baso bainu-ibilaldia, poteo musikatua, bazkaria, clown ikuskizuna, Mejillon Tigre kolektiboaren poesia errezitaldia, Gregoren bakarrizketa eta 3zur, kontzertuak...

108.000 euro eskuratuta

Oihana Usabiaga Amillubi Lurra Taupaka egitasmoaren sustatzaileetako batek adierazi duenez, "une egokia" iruditu zaie Amillubiko proiektua gizarteratzeko festa egun bat antolatzeko: "Finantzaketa kolektibo kanpaina bukaerara iristen ari da; zehazki, maiatzaren 30ean bukatuko da, eta egun gutxi falta zaizkigu gure asmoak betetzeko. Gure helburua 150.000 euro jasotzea da, eta 108.000 eurora iritsi gara oraingoz. Horren aurrean, kanpaina horri bultzada emateko, ikusi genuen momentu aproposa zela festa egun bat antolatzeko". Era berean, orain arte barnera begirako ekintzak gauzatu dituztela eta, kanpora begira jarri nahi izan dutela nabarmendu du: "Amillubin bertan orain arte barnera begirako lanak eta auzolanak jarri ditugu martxan, eta festa honekin pixka bat ateak zabaltzea nahi genuen".

Antolatzaileek adierazi dutenez, bazkaritarako berrehun lagun inguruk eman dute izena, baina aurrez sarrerarik hartu gabeko jendea ere bertaratu da; beraz, gainditu egin dute kopuru hori.Jendearen erantzunarekin pozik, proiektuaren ardatza zein den gogorarazi nahi izan du Usabiagak: "Elikadurarako burujabetzan kokatzen dugun proiektu bat da Amillubikoa. Estrategia diseinatuta dago, baina egitura propioak falta zaizkigu. Egitura horiek lurrak, baserria... izan daitezkeela ulertzen dugu. Lurra ekoizpen bitarteko bezala ulertzen badugu, garrantzitsua iruditzen zaigu elikadura burujabetzarako bide horretan lurra gure kontrolpean edukitzea. Askotan arreta jartzen dugu kontsumoan, kontsumo eredua aldatu behar dela aipatzen dugu, baina agian ez dugu nahikoa arreta jartzen ekoizpenean. Garrantzitsua iruditzen zaigu horretan arreta jarri eta ekoizpenerako bitartekoak eskuratzeko bidea egitea eta egitura propioak geureganatzea".

Hona hemen gaurko egitaraua, osorik: 

  • 11:00etan: Amillubi egitasmoaren aurkezpena eta bisita.
  • 12:00etan: Enekoachekin Lurrarekin konexioa saio umoretsua, Antton Telleriaren eskutik. Ordu berean, Baso bainu-ibilaldia Tantai Kooperatibaren eskutik.
  • 13:30ean: Poteo musikatua, EHko Batukada Feminista Sareak gidatuta.
  • 14:30ean: Bazkaria.
  • 15:30ean: Umeentzako clown ikuskizuna Itziar Saenz de Ojeren eskutik.
  • 16:30ean: Bakarrizketa umoretsua GREGOren eskutik (Beatriz Egizabal). 
  • 17:30ean: Mejillon Tigre kolektiboaren errezitaldia.
  • 18:30ean: Kontzertuak: 3zur, Pelax eta Babarrunba taldeekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide