Auzolana eta liburu aurkezpena egin dituzte Amillubin

Ihintza Elustondo 2024ko urr. 27a, 18:49

Iraetako Amillubi baserrian eta haren inguruko lurretan auzolanean aritu dira. Horrez gain, Haziak. Zergatik eta nola egin zureak liburuaren aurkezpena egin dute Miguel Arribasek eta Marc Badalek. Mokaduarekin amaitu dute goiz-pasa.

Amillubi egitasmoaren sustatzaileek auzolana eta liburu aurkezpena gauzatu zituzten atzo, larunbata, Iraetako Amillubi baserrian. 09:30ean hasi ziren lanean baserrian eta haren inguruko lurretan Amillubi proiektuko zenbait kide eta auzolanera animatu ziren beste pare bat herritar. 

Euria eta fresko egin arren, nagia kendu eta etxe inguruak garbitzeari ekin zioten. Alde batetik, desbroze lanak egin zituzten, eta, bestetik, etxe pareko aterpea garbitu eta txukundu zuten, bertan hitzaldia egin ahal izateko. Tarte hori etxeko ganbarara sartzeko aprobetxatu zuten. Aste honetan, Amillubiko kide batzuk bioeraikuntzan dabiltzan bi lagunekin egitura aztertzen aritu dira, eta atzoko auzolana baliatu zuten aurrekoan egon ez ziren kideei orduan hitz egindakoa helarazteko. Ondoren, Amillubiko lurretan Alekarako alberjiniak eta brokoliak landatu zituzten; horiek nola zeuden begiratu eta helduta zeuden alberjiniak bildu zituzten, era berean.

Hamaiketako eginda, alberjinia horiei haziak erauzten hasi ziren, Keloren azalpenei jarraika, borobilean, tertulian, patxadaz. Ondoren, Haziak. Zergatik eta nola egin zureak liburuaren aurkezpena egin zuten Miguel Arribasek eta Marc Badalek; Portale kultur elkartearekin elkarlanean antolatu zuten aurkezpena Amillubikoek. Lehengo kideez gain, beste hiruzpalau lagun bertaratu ziren aurkezpenera, eta dozena bat lagun elkartu ziren lastozko fardoetan eserita, alberjinien inguruan eta Haziak liburua esku artean zutela. Amillubi eta Aleka proiektuak aurkeztu eta beren arteko sinergiak azaldu zituzten, eta Kelok liburua egiteko prozesuaren eta edukiaren inguruan azalpenak eman zituen jarraian. Hari entzuten ari ziren bitartean, alberjiniei haziak ateratzen jarraitu zuten han bildutakoek. Antolatzaileek azaldu dutenez, "konfiantzazko giro goxoan" egin zuten liburuaren aurkezpena, eta haziak erauzi bitartean galderak egiteko eta solasaldi lasaia izateko parada izan zuten han bildutakoek.

Mokadu txiki batekin eman zioten amaiera atzoko goiz-pasari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide