Haziak lantzeko, ezagutza partekatzeko eta geroa ereiteko liburua

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 21a, 09:30

Atzo aurkeztu zuten jendaurrean, Azpeitiko Elikagunean, Haziak, Miguel Arribas Kelo Beizamako bizilagunak eta Marc Badalek egin eta Argiak argitaratu duen liburu "pisutsu eta mamitsua".

Ostiral arratsaldea baserritarren asteko bigarren azoka nagusiaren sasoia izaten da Azpeitiko Azoka Plazan, eta atzo ere hala izan zen. Lantzean behin, beste ekitaldi batzuekin partekatzen dute espazioa baserritarrek, eta atzokoa izan zen egun horietako bat. Azokako saltokietatik gertu, Elikaguneak horrelakoetarako erabiltzen duen txokoan, Haziak liburua aurkeztu zuten Miguel Arribas Kelo Beizamako bizilagunak eta Marc Badalek.

Lagunen, gertukoen eta gaiak erakarritako herritarren babesean egin zuten aurkezpen ekitaldia. 60 bat lagun batu ziren guztira. Liburua aurkeztu aurretik zein ondoren, liburua erosteko aukera eskaini zuen Argiak –liburuaren argitaratzailea–; liburuaren aleekin batera, hainbat landareren haziekin hornitu zuten salmahaia, zorrotxoetan banatuta, bakoitza bere izenarekin. Ordubete inguru iraun zuen aurkezpen ekitaldiak; egileen azalpenen ondoren, aurkezpenera joandakoek haiei galderak egiteko aukera izan zuten. Bukatutakoan, mokadua egiteko aukera izan zuten guztiek Azoka Plazan bertan.

"Harrikada" baten katebegia

Arribas izan zen aurkezpenean azalpen gehien eman zuena. Badalek azkenera hartu zuen hitza eta azaldu zuen bere ekarpena, baina nabarmendu zuen liburuaren hiru laurdenak-edo –grafikoki, ale baten orrialdeak eskuekin banatuta– Beizamako Leunda Berri baserrian idatzi zituela Arribasek.

Azken horrek, Elikaguneari, Aleka proiektuan kide dituenei, Biolur elkarteari, Argiari eta "etxeko neskei" eskerrak eman ondoren, liburua egitearen arrazoiak eta argitalpenean jaso dutena aletu zituen. Arribasen hitzak eta azalpenak entzuten zituzten bitartean, aurkezpenera joandakoek Dani Blanco argazkilariak liburua ilustratzeko egin dituen 211 argazkietako batzuk ikusteko aukera ere izan zuten, pantaila handian.

"Liburu pisutsua eta mamitsua" da Haziak, Arribasen hitzetan. Badalek eta biek agroekologiaren ildotik hazien munduarekiko elkarbanatzen duten "harrikadaren" katean beste katebegi bat, jarraipen logikoa da, nolabait, Haziak, Arribasen arabera: "Fanzineak, hitzaldiak, kooperatibak, hazi elkarteak... eta orain, liburua". Izan ere, "krisi ekosozialean erabat sartuta" bizi diren honetan, haziekin egiten dute lan bi egileek, eta hazien garrantzia eta beharra ulertzeko moduak partekatzen dituzte. Hain zuzen ere, hazien gainean dakitena modu praktikoan azaltzeaz gain, hazien gainean beraiek zein liburuan hitza eman dieten hainbat lagunek dituzten ikuspuntuak, edota hazien erabileraren eta kontrolaren bilakaeraren gaineko datuak eta hausnarketak jaso dituzte Haziak-en. Arribasen iritziz, ekoizle agroekologiko guztiek dituzte hiru erronka edo betebehar nagusi: erresistentzia, lurraren defentsa eta ezagutza konpartitzea, eta eginkizun horiek bat egiten dute liburuan.

Eta dena, euskaraz. Arribas madrildarra da eta Badal kataluniarra, baina biak bizi dira aspalditxotik Euskal Herrian eta biak dira euskaldunak. Horrelako liburu bat euskaraz idazteko gai ez dira sentitzen, ordea: beraiek erdaraz idatzitakoa Markel Lizasoainek euskaratu du. Hazien gaineko horrelako argitalpen bat euskaraz eskura izatearen garrantzia nabarmendu zuen atzo Arribasek, haren esanetan, halako libururik ez zegoen oraindik gure hizkuntzan. Bestetik, baratzazaintzaz eta haziez dakien guztia jardunaren poderioz ikasi duela azpimarratu zuen Arribasek eta, horrenbestez, "esperientziatik" idatzitako liburua dela adierazi zuen.

Liburua hiru atal nagusitan banatu dutela azaldu zuen Beizamakoak. Batetik, haziei dagozkien "oinarrizko kontzeptuak" aurkituko ditu irakurleak: hazia zer den edota haziak nondik datozen. Bigarren atalean hazien fitxak datoz: 60 landare edo laboreren haziak jaso dituzte liburuan, bakoitza nola lortu, zaindu, landatu, uzta bildu edota kontserbatu ikasi nahi duenarentzat. Euskal Herriko barietateei pisu berezia eman nahi izan diete liburuan, eta lehen aipatutako esperientziaren ildotik, berak bizitako hainbat pasarte eta bidean ikasitako hainbat kontu partekatu dituela gaineratu zuen Arribasek. Liburuaren azken atalean dator, azkenik, hazien aferarekiko egileen eta gonbidatuen begirada politikoa: gaur egun enpresa handi gutxie batzuen esku eta erabat atomizatuta dagoen hazien merkatua, hamarkada gutxita gertatu den hazien galera, edo errealitate horiei aurre egiteko sortu diren eta sortu beharko diren egitasmoei buruzko hainbat datu eta hausnarketa datoz atal horretan.

Argiak argitaratu du Arribasen eta Badalen lana, eta haren webgunean dago salgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide