Bulebarizazio lanek aldaketak eragingo dituzte bihartik Arteagako sarrera-irteeretan zein Ipintza kaleko aparkalekuetan

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 14a, 12:38

Ipintza kalean bihartik erabili ezingo diren aparkalekuak gorriz markatututa ageri dira irudian. (Zestoako Udala)

Arteagan itxita zegoen ekialdekoa ireki, eta mendebaldeko bidegurutzea itxiko dute bihar. Ipintzan, berriz, errepide aldeko aparkalekuak hustu beharko dituzte bihar 07:30ak baino lehen.

Urriaren 1etik martxan dira Zestoan GI-631 errepidean trafikoa baretzeko eta sarbideak antolatzeko lanak. Obra horiek hainbat aldaketa eragingo dituzte datozen hilabeteetan trafikoan zein aparkalekuetan, eta horietako batzuk nabarmenduko dituzte bihartik aurrera Arteaga auzoan eta Ipintza kalean.

Arteaga kaleko ekialdeko bidegurutzean hasi zituzten lanak hil hasieran, eta bidegurutze hori itxita egon da harrezkero trafikoarentzat. Bihar, berriz, egunean zehar bidegurutze hori ireki, eta mendebaldekoa –gasolindegi parekoa– itxiko dute, lanekin han jarraitzeko; horrenbestez, auzorako sarrera-irteerak ekialdeko bidegurutzetik egin beharko dituzte bihartik aurrera.

Errepidez bestalde ere hasiko dira lanen eragina gehiago antzematen bihartik aurrera. Hain zuzen ere, Ipintza kalean hainbat aparkaleku hutsik uzteko eskatu dute biharko 07:30ak baino lehen; errepidearen kontrako aparkaleku ilara osoa da hustu beharrekoa. "Bi edo hiru egun beharko dituzte gune horretako lanak amaitzeko; ondoren, lehen bezala aparkatzeko aukera izango da", zehaztu du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide