Giro ederrarekin ospatu dute Zestoa Eguna Urepelen

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 7a, 10:06

Zestoar ugarik parte hartu zuten larunbatean bi herrien arteko senidetzearen barruan antolatutako egun osoko festan. Itxaropena dantza taldekoek, txarangakoek eta Aitor Salegi zein Oskar Alberdi bertsolariek parte hartu zuten ekitaldietan, baita hainbat artisauk eta lehen sektoreko ekoizlek ere. Zestoa eta Urepele mendiz lotzeko egitasmoaren azken etapa ere egin zuten.

Lagunartean eta eguraldi goxoak lagunduta, giro ederrean ospatu zuten joan den larunbatean Zestoa Eguna Urepelen (Nafarroa Beherea). Senidetutako bi herrien arteko elkartruke jardunaldien barruan, joan den ekainaren 15ean Zestoan ospatu zuten Urepele Egunaren trukekoa bizi izan zuten herenegun dozenaka lagunek.

Autobus bete zestoar joan zen larunbat goizean Urepelera; tartean ziren Itxaropenako dantzariak, txarangako musikariak edota artisauak eta lehen sektoreko ekoizleak, udal ordezkariekin batera. Dantzariek eta txarangakoek, hango musikariekin batera, ireki zuten goizeko egitaraua Urepelen, eta Zestoako artisauek eta ekoizleek goiz-eguerdi osoan martxan izan zen azokan parte hartu zuten. Agiro mendi klubak udalarekin batera antolatutako Zestoa-Urepele egitasmoaren azken etapan parte hartu zutenek, berriz, oinez egin zituzten Artesiaga eta Urepele arteko hamazazpi kilometroak.

Dozenaka lagun elkartu zituen bazkari herrikoia izan zen egunaren hitzordu jendetsuena. Aurretik zein ondoren, bertsotan aritu ziren Aitor Salegi eta Oskar Alberdi zestoarrak, Haira Aizpurua eta Amets Arzallus. Arratsaldean, pilotalekua izan zen Zestoa Egunaren topaleku nagusia, eta han ere aritu ziren bertsolariak. Esain-Uhalde eta Sasiain-Agirre bikoteek Aldude eta Zestoa arteko desafioa jokatu zuten, batetik; eta Urmeneta-Ladis Galartza eta Mikel Goñi-Pascual bikoteek profesional ohien arteko lehia eskaini zuten, ondoren. Iluntzean, Kontrabanda taldearen kontzertuak borobildu zuen festa eguna.

(Argazkiak: Zestoako Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide