Beñat Arrue eta Benantxio Irureta mendizaleen oroimenezko laugarren ibilaldi neurtua egin dute gaur Aizarnan, eta mendian ibiltzeko eguraldi paregabea izan dute parte hartu dutenek. Bi ibilbide izan dituzte aukeran parte hartzaileek: luzean, 25 kilometrokoan, 185 mendizalek irten dute, eta motzean, 10,4 kilometrokoan, 88k. Aizarnan hasi eta bukatu dituzte ibilaldiak, eta besteak beste Komisolatzan, Gazumen, Iturriotzen eta Altzolarasen barrena ibili dira mendizaleak.
Behin ibilbidea bukatutakoan bazkari herrikoia izan da Aizarnako plazan, eta 120 lagun inguru elkartu dira bazkaltzeko. Arratsaldean, 18:30etik aurrera, Tio Teronen Semeak taldearen ikuskizuna izango da Aizarnan eguna borobiltzeko.
2016 urtean aurrena
2016an antolatu zuten lehen aldiz Aizarnako Herri Elkarteak, Agiro mendi elkarteak eta Zestoako Udalak Arrueren eta Iruretaren omenezko mendi ibilaldia; harrezkero, bi urtean behin egin dute, koronabirusaren pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zuten 2020koa izan ezik. 2022an lehen aldiz jarri zituzten bi ibilbide aukeran, luzea eta motza.
(Argazkiak: Xuban Elorza, Ane Elorza eta Nerea Uranga)