Hilabete batzuk igaro dira Zestoa-Urepele senidetzea egin zutela, eta orduz geroztik hainbat jarduera egin dituzte ekimenari lotuta. Ekainaren 15ean, esaterako, Urepele Eguna ospatu zuten Zestoan, festa giroan. Orain, aldiz, Zestoa Egunaren ospakizunetan murgilduko dira Urepelen, datorren urriaren 5ean, eta egitarau oparoa prestatu dute urepeldarrek egun horretarako.
Hona hemen Zestoa Eguneko egitaraua, osorik:
- 11:00. Aldude-Urepeleko Klika, Zestoako Txaranga eta Itxaropena dantza taldearen emanaldia.
- 14:00. Herri bazkaria Haira Aizpurua, Amets Arzallus, Aitor Salegi eta Oskar Alberdi bertsolariekin. Xalbat Alzugarai arituko da gai-jartzaile lanetan.
- 17:00. Pilota partidak. Aurrena, Aldude-Zestoa desafioa Esain-Uhalde eta Sasiain-Agirre bikote pilotariekin. Jarraian, Urmeneta-Ladis Galartza eta Mikel Goñi-Pascual bikoteen pilota partida.
- Ondoren, Kontrabanda taldearen kontzertua eta hanburgesa jana.
Autobuserako eta bazkarirako txartelak, salgai
Zestoatik Urepelera joan nahi dutenek autobusean joateko aukera izango dute; txartelak jada eskuragarri daude Turismo Bulegoan. Halaber, herri bazkaria ere izango da Urepelen, eta hara norbere kasa joan eta soilik bazkarirako txartela erosi nahi dutenek, horretarako aukera ere izango dute. Bazkarirako txartelak 15 euroko prezioa izango du, eta autobuserakoak eta bazkarirakoak, biak elkarrekin, 20 eurokoa. Haurrek eta langabetuek 10 euro ordaindu beharko dituzte bazkariarengatik, eta 15 euro autobuserako eta bazkarirako txartelengatik. Autobusa 09:00etan aterako da Gurutzetik, eta 20:00etan abiatuko da Urepeletik. Txartelak erosteko azken eguna urriaren 1a izango da.
Zestoa-Urepele ibilbideko azken zatia ere egun horretan egingo dute Agiro Mendi Taldeko kideek; zehazki, Artesiagatik Urepelera joango dira oinez, guztira 17 kilometroko ibilbidea eginez. Izen-ematea Zestoako kiroldegian egin beharko da.