Amabirjinak ospatzen hasiak dira jada Zestoan. Gazte Eguna ospatzen ari dira gaur, eta ekitaldiz betetako eguna dute aurretik. Goizetik hasi dute festa eguna zestoarrek, Ondarbasoko igoerarekin. Eguraldiak uste baino gehiago lagundu du, eta ohi bezal giro paregabea sortu da herrian.
Ondarbasoko igoeraren 37. edizioa izan da gaur jokatu dutena, eta guztira 19 partaide ari dira lehian. Jon Mendia eta Leire Lopetegi izan dira lehen postua eskuratu duten partaideak, bigarren urtez jarraian. Iratz Pou eta Maddi Alberdik partekatu dute bigarren postua eta Iñaki Gabarainek eskuratu du brontzea.
11 minutu eta 33 segundu behar izan ditu Mendiak ibilbidea amaitzeko, Pouri 46 segunduko aldea aterata. Lopetegik, berriz, 20 minutu eta 7 segundu behar izan ditu, Alberdiri minutu bat pasatxoko aldea ateraz. Oier Ibarguren txirrindulariak ezarri du gaurko denbora onena 11 minutu eta 15 segunduan, baina gonbidatu bezala soilik onartu dute haren parte hartzea. Ibarguren errekorra betetzeko segundu batera soilik geratu da. Proba amaituta, 13:00etan egin dute sari banaketa Erdikalean, eta han banatu dizkiete sariak partehartzaileei.
Sari banaketaren ondoren bertso poteoa hasi dute Erdikalean eta Sustrai Colina, Aitor Bizkarra eta Bittor Altube bertsolariek berotu dute giroa. Poteoaren ostean herri bazkaria egin dute plazan, festa eta aldarria uztartuz, Antton ao Povo herri ekimenak antolatuta. Eguzkiak bete-betean jotzen zuen arren, zestorrek ez diote jaiari iskin egin.
Arratsaldean jarraituko dute jaiarekin; izan ere DJ festa antolatu baitute kiroldegiko atarian, Costmix, HGS eta 3re DJekin. Ondoren, 18:30ean Sakatu elektrotxaranga arituko da herriko kaleetan zehar eta eguna amaitzeko Goxua'n Salsa eta Bengoren kontzertuak izango dira Laranjadi plazan, 22:00etan. Ordu berean, gaztetxean Murxi DJa ariko da musika jartzen.
Jubilatuak, igandez
Igandean herriko zaharrenak izango dira amabirjinen atariko asteburuko protagonistak aurten ere: Angela Makazaga Barrutia eta Ignazio Aizpurua Manzisidor omenduko dituzte aurten erguerdiko ekitaldian, eta 85 urtetik gorako zestoar guztiei egingo diete aitortza ekitaldi berean. Herri kirol erakustaldiarekin eta Arineketan musika ikuskizunarekin borobilduko dute jardunaldia, arratsaldean.
(Argazkiak: Irteerakoak, Unax Larrañaga; igoerakoak, Maialen Etxaniz)