Markarik ezarri gabe, Jon Mendia eta Leire Lopetegi nagusitu dira Ondarbasoko 37. igoeran

Maialen Etxaniz - Unax Larrañaga 2024ko abu. 31a, 16:42

Aurten, 19 parte hartzaile aritu dira nor baino nor plazan hasi eta Ondarbason bukatzen den proban, eta sorpresa handirik eman gabe, gizonen artean Jon Mendia izan da garaile beste urte batez. Emakumeetan, berriz, Leire Lopetegi nagusitu da. Oier Ibarguren azpeitiarra Ondarbasoko errekorra hobetzetik bi segundora gelditu da. 

Amabirjinen atariko festan murgilduta dabiltza Zestoan. Gazte Egunez, Ondarbasoko 37. igoera jokatu dute, eta urtero bezala, giro ederra sortu da probaren bueltan. Eguraldiak espero baino gehiago lagundu du goiz partean, eta asko izan dira mendira igo eta kirolariak animatzen aritu direnak. 

Aurten, 19 parte hartzaile aritu dira nor baino nor plazan hasi eta Ondarbason bukatzen den proban, eta sorpresa handirik eman gabe, gizonen artean Jon Mendia izan da garaile beste urte batez. Emakumeetan, berriz, Leire Lopetegi nagusitu da. Dena den, markarik onena Oier Ibarguren azpeitiarrak eskuratu du; izan ere, errekorraren markatik segundo bakarrera gelditu da Ibarguren. Gaur gaurkoz, Mendiak 2022. urtean ezarritako 11 minutuko eta 14 segundoko denbora da Ondarbasoko errekorra. Hala ere, azpeitiarra gonbidatu gisa aritu da gaur, eta egindako denbora izan da lortu duen sari bakarra.  

Eguerdian egin dute sari banaketa Erdikalean, eta bertan izan dira parte hartzaile guztiak. Bi irabazleek ez dute adierazpenik eman nahi izan; Ibarguren, aldiz, pozik agertu da egindako lasterketarekin.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide