Ekainaren 5ean Donostian eta 19an Zestoan –mahai inguru batekin– aurkeztu ondoren, atzo Urepelen (Nafarroa Beherea) aurkeztu zuten Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburua. Uztapideren herritik Xalbadorrenera eraman zituen Pako Aristik bi bertsolari handi horien bueltan idatzi duen liburuaren gaineko azalpenak; Zestoako mahai inguruan bezala, Xabier Amuriza izan zuen mahaikide idazle urrestildarrak; eta liburuaren lehen aurkezpenean bezala, baita senidetu berri diren bi herrietako alkateak ere, Urepeleko Xole Aire eta Zestoako Mikel Arregi.
Ikusmina piztu zuen atzoko hitzorduak Urepelen. Ekitaldi "jendetsua" izan zela azaldu du Zestoako Udalak. Bertakoak ez ezik, Baigorriko eta Aldudeko lagunak ere izan ziren Urepelen aurkezpenerako, 60 bat lagun, guztira; Xabier Amurizak kopla doinuz jarritako Xalbadorren bertsoak kantatuz amaitu zuten ekitaldia.