"Liburu diferente bat da, kazetaritzatik egindakoa"

Nerea Uranga 2024ko eka. 20a, 13:23

Jon Artano, Pako Aristi eta Xabier Amuriza, atzo Zestoako Kultur Etxean. (Nerea Uranga)

Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburuaz mahai ingurua egin zuten atzo Zestoako Kultur Etxean, Zestoa-Urepele senidetzearen egitasmoaren barruan. Pako Aristi liburuaren idazleak eta Xabier Amuriza bertsolariak parte hartu zuten solasaldian, Jon Artano kazetariak gidatuta.

Ekainaren 5ean aurkeztu zuten Donostian Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi (Erein argitaletxea) liburua. Zestoa eta Urepele senidetza egitasmoaren barruan argitaratu dute liburua, eta Pako Aristi idazle urrestildarrak idatzi du.

Atzo, Uztapide bertsolariaren jaioterrian, liburuaren gaineko solasaldia egin zuten liburuaren idazleak eta Xabier Amuriza bertsolariak parte hartuz, eta Jon Artano kazetariak gidatuta. Artanok lehen hitzartzean nabarmendu zuen "liburua mamitsua eta zoragarria" dela, eta segidan bi solaskideak aurkeztu zituen. Aristik Zestoako Udalak proposatuta idatzi du bi bertsolari handiak eta haien arteko adiskidetza oinarri dituen lana. Hitzaurrea, berriz, Amurizak idatzi du; hark bi bertsolariak ezagutu zituen, eta epaimahaikide izan zen 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian –Uztapide eta Xalbador buruz burukora sailkatu ziren, eta Xalbadorri txistua jo zioten saiora bildutakoek.

Aristik egindako liburua irakurrita, zer ikasi duen galdetu zion atzokoan Artanok Amurizari. Honakoa izan zen bertsolariaren erantzuna: "Bertsolaritzako bi izan handi horien berrikustea da liburua. Idazle batek kazetaritzatik egindako liburua da, eta Pako kazetari handiaz gainera, artista handi bat da idazten. Liburu diferente bat da, eta joko bat dago eginda, idazle handi batek egin dezakeen jokoa". Gogoratu zuen Amurizak, liburua "modu desberdinean" irakurri zuela, eta hainbat iruzkin egin zizkiola Aristiri. "Orain berriro irakurriko dut", erantsi zuen.

Aristik adierazi zuen bera bertsolaritzaren "lekukoa" dela. "Asko interesatzen zait euskal kultura, eta asko irakurtzen dut. Liburua egiteko Auspoa bilduma asko begiratu dut, baina bertsolaritzaren barruko norbaiten begirada behar nuen, eta Amurizarengana jo nuen. Berak liburua irakurri zuen, eta iradokizun asko egin zizkidan, eta bertsoen hautaketan ere lagundu dit".

Liburuan jasotako pasarteez eta bertsoez hitz egin zuten, baita Uztapideren eta Xalbadorren izateko moduez, laguntasunaz eta elkarri zioten "maitasunaz".

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide