Zestoako Elizondo eraikineko Gaztetxearen desalojoak badu data: uztailaren 19a. Gaur egin duten agerraldian eman dute desalojo dataren berri. Aste honetan jaso dute epaitegiko agiria. Gaztetxeko kideek azpimarratu dute desalojoari aurre egiteko "ahalegin guztia" egingo dutela, eta horretara deitu dituzte herritarrak ere, bai desalojoaren egunaren aurretik nahiz egunean bertan.
Gaztetxearen aurrean egin duten agerraldian, orain arteko ibilbidea eta egoeraz egiten duten irakurketa politikoa izan dituzte hizpide. Azaldu dute, gazte asanbladarentzat "beharrezkoa" izan dela gaztetxea Elizondo eraikinera lekualdatzea, eta egungo egoera "basatiaren" aurrean, "egonezin sozial eta politikoa pizteko" beharrezkoa duela zentroko espazioa gazte asanbladak.
Urte eta erdiko ibilbidean egin dituzten ekimenak aipatu ez ezik, herritarren aldetik jaso duten babesa azpimarratu dute, eta haien babesik gabe bideak "zentzurik ez" zuela izango esan dute: "Gaztetxea bizirik egon den urte eta erdi honetan, hainbat izan dira bertan egin diren ekimenak eta handia izan da herriko gazteongan sortu duen ilusioa eta ireki dizkigun aukerak, baita herritarrengandik jaso dugun babesa ere, bai ekimenetan parte hartuz bai behar izan den momentuetan babesa adieraziz. Bide honek herritarren babesik gabe, ez zukeen zentzurik izango". Hori dela eta, eskerrak eman dizkiete "era batera edo bestera" espazioari "bizitza eman" dioten guztiei.
Gatazkaren ertzak
"Diru goseak eta jabetzak agintzen duen gizarte honetan, legea jabetza pribatua defendatzeko" eginda dagoela adierazi dute gazte asanbladakoek. Haien aburuz, "hori da desalojo data honek erakusten duena". Era berean, eta orain arteko bidean egin duten bezala, Eliza eta Zestoako Udala jarri dituzte jopuntuan, eta salatu dute bi erakundeek ez dutela "ezer" egin egoerari konponbidea emateko. "Beharrezko bide legal guztiak erabili dituzte gu gaztetxetik botatzeko eta ekonomikoki zigortzeko. Behin eta berriz esaten aritu gara momentu hau helduko zela, eta hala eta guztiz ere, egoerari aterabide bat emateko zerbait egin zezaketenek ez dute ezer egin", adierazi dute.
Gaztetxeko kideen hitzetan, "alferrik da polizia herriko gazteak jipoitzera eta gaztetxea desalojatzera datozen egunean elkarbizitza eta bakea bezalako hitzekin koplaka hastea". Elizari erreferentzia eginez, adierazi dute urte eta erdian gaztetxeak erakutsi duela "ekarpen sozial handia" egin dezakeela herrira begira, baina, diote, Elizak nahiago duela "bere jabetza espekulaziorako, eta finean, bere boterea handitzeko" erabili. "Gaztetxearen desalojoa eta milaka eurotako zigorra: hori da elizaren benetako fedea; dirua eta boterea", esan dute. Udalari dagokionez, "hasieratik bukaeraraino udalaren jarrera berbera" izan dela salatu dute. "Birkokatze proposamena mahai gainean jarri zuena bera [alkatea] izan zen, Elizarekin negoziazioak egingo zituela promes eginez. Gazteok, gaztetxe zaharraren mugez jakitun, proposamena onartu genuen. Gazteok espazio hutsa okupatzera bultzatu gintuen, baina gero berak ez du negoziaziorako pausorik eman Elizarekin, hitzak haizeak eraman izan balitu bezala".
Bi aldeen "inaktibitateak" egoera honetara ekarri dituela esan dute, gogora ekarriz milaka euroko isun ekonomikoa eta desalojoa ate joka dituztela. "Hogehita hiru egun barru herriko gazteak jipoitzera eta gaztetxea desalojatzera etorriko dira txakurrak".
Desalojoaren egunera bitarte, lanean jarraituko dutela jakinarazi diote GUKAri, nahiz eta oraindik "gauzak ixten" ari diren. Hala ere, aipatu dute Zentroko Gaztetxeak denbora honetan herriko gazteen ilusioa piztu eta emaitza onak eman dituela ikusita, proiektuak aurrera egiteko eta desalojoa gelditzeko "konprimiso osoa" dutela. Horregatik, uztailaren 19an gaztetxearen desalojoa gelditzeko deia luzatu dute: "herriko gazteoi gaztetxe aurrean elkartzera deitzen zaituztegu, gaztetxea defendatzeko eta desalojoa gelditzeko. Guztion indarra behar dugu".
Zestoako Udalak ekaineko udalbatzarra egin du gaur arratsaldean, –Gaztetxearen prentsaurrekoa lehenago izan da– eta asanbladakoek udalera eraman dituzte haien aldarriak. Mikel Arregi alkateak ere hartu du hitza. Udalbatzarrekoak, han landu diren gainerako gaiekin batera, bihar emango ditu GUKAk.