Aurrekontuak, Beatriz Zubia zinegotziaren agurra eta gaztetxekoen aldarria, Zestoako Udalbatzarrean

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 28a, 11:41

294.000 euroko igoera izango du Zestoako Udaleko aurrekontuak hainbat dirulaguntzetatik jasotako partida tarteko. EH Bilduren zinegotzi Beatriz Zubiak kargua utzi du; koalizioak ez du zehaztuta nork ordezkatuko duen Zubiaren lekua. Asanbladako kideek udalari eskatu diote gaztetxearen auziari aterabidea emateko pausoak emateko. Alkateak "alternatiba gauzagarriak" proposatzeko esan die gaztetxekoei. 

Ezohiko orduan egin zuten atzo, ostegunez, Zestoako Udaleko ekaineko udalbatzarra, eta ezohiko gaiak eta uneak ere utzi zituen, gai zerrendan nahiz gai zerrendatik kanpo; izan ere, udalbatzarra hasita zegoela, Zestoako Gazte Asanbladako kideek agerraldia egin zuten pleno aretoan, zentroko gaztetxearen auziaren harira. Horrez gain, eta, besteak beste, 2024ko aurrekontuetako bigarren kreditu aldaketaren onarpena, ordenantza fiskalen aldaketa eta Beatriz Zubia zinegotziaren agurra izan ziren ekaineko udalbatzarrean landu zituzten gaiak. Bozkatu zituzten gai guztiak aho batez onartu zituzten. 

Aurrekontu aldaketa

294.000 euroko igoera izango du Zestoako Udaleko aurrekontuak, guztira, 8.704.000 euroko aurrekontua, hain zuzen. Aldaketaren helburua da aurrekontuan hasieran aurreikusi gabeko diru-sarrera zein dirulaguntzetara eta proiektu eta gastuetarako beharrezkoak diren kreditu-transferentzietara egokitzea. 2024an hasieran aurreikusi gabeko diru-sarrerak izan ditu Zestoako Udalak, aurrekontuan sartu gabeko dirulaguntzak onartu dizkietelako.

Honako hauek dira iragarritako aldaketak, doiketak, proiektuak eta kreditu aldaketak: 

  • Arroabeko igogailua: 18.150 euroko dirulaguntza jaso du udalak proiektua gauzatzeko. 2025ean eraikitzea aurreikusten du erakundeak. 
  • Haur eskolako lokala:  12.000 eurotan handitu da.
  • Brigadarentzako ibilgailua: 17.500 euroko aurrekontua duen ibilgailua erosi du udalak.
  • Zestoako Irisgarritasun Plan Integrala:10.500 euroko dirulaguntza jaso du udalak egitasmoa garatzeko.
  • Irisgarritasun Plana: 8.700 euroko laguntza jaso du erakundeak.
  • Baso lanak eta landaketak: 73.000 euroko dirulaguntza jasoko du udalak; 2024an kopuru horren bi eren jasoko dituzte: 58.000 euro.
  • DUS 5.000 programa: Erronka demografikoa duten udalerrietan energia garbiko tokiko proiektu berezietan inbertsioak egiteko laguntzetatik, ia 59.000 euroko partida.
  • Endoiako landa dietatik aldundiaren laguntza: Endoiako eremuari dagokion 28.000 euroko dirulaguntza jaso da.
  • Uztapide parkea: prozesu parte-hartzaileetatik abiatutako proiektuan 41.000 euroko igoera.
  • Lanpostuen ondoriozko kalte-ordainak: Udal langileei egonkortze prozesuaren ondorioz, hainbat langilek postua utzi behar izanagatik eratorritako konpensazio ekonomikoak ordaintzea erabaki du Zestoako Udalak. 24.000 euro ordaindu beharko ditu erakundeak.
  • Kale Okerra: 40.000 euroko igoera izan da katastroaren eta eskrituren arteko gorabeheren ondorioz. Udalak igoera onartu du proiektuarekin jarraitzeko. 

Diru kontuen gaiari lotuta, EAJko zinegotzi Garikoitz Mendizabalek Fundizio elkarteari udalak emandako 2.000 euroko dirulaguntzaz kezka agertu zuen. Mendizabalen arabera, partida hori ez zen Kultura Batzordetik pasatu, eta dirulaguntza okerreko prozeduran egin dela salatu zuen. Jone Exposito kultur zinegotziak, bere aldetik, prozeduran akatsa egin zuela onartu zuen. 

Gaztetxearen auzia, udalbatzarrera

Zestoako Gazte Asanbladak atzo jakinarazi zuen uztailaren 19rako ezarri dietela desalojoaren data. Prentsa aurrean ez ezik, udalbatzarrean ere eman zuten desalojoaren berri, eta Zestoako Udalari gaztetxearen auziari aterabidea emateko "pausoak eman" ditzan galdegin zioten. Udalbatzarraren erdian sartu ziren gaztetxeko kideak pleno aretora, haien egoera eta aldarria zein den azaltzera; Mikel Arregi alkateak, bere aldetik, gazteen adierazpenak entzun, haien "diagnostikoarekin desados" agertu eta bere iritzia partekatu zuen.

Gaztetxeko kideen arabera, "gaztetxearen lekualdatze prozesua udaletik egindako proposamena izan zen", eta esan zuten udalak proposatu zuela Elizondo eraikina etorkizuneko aukera gisa. Hori dela eta, udalak "auzian duen erantzukizuna" har dezala eskatu zuten atzokoan: "Prozesuak iraun duen bitartean, hasierako promesak ezerezean gelditu dira, eta udalak ez du borondaterik izan auziari aterabidea emateko. Beraz, eskatzen duguna da udalak har dezala auzi honetan duen erantzukizuna, eta bere saiakera egin dezala desalojoa gelditzeko". 

Negoziaketarako prest agertu dira udala eta gazte asanblada. Gazteek desalojoa gelditzeko "ahalegin guztia" egingo dutela nabarmendu dute, eta "eratzukizuna" eskatu erakundeari. Udala, bere aldetik, gazteekin biltzeko prest agertu da. 

Alkateak, hasteko, aipatu zuen ez zutela desalojoaren datarren berri. Dena den, aipatu zuen gazteekin elkartzeko prest dagoela bai bera eta baita bere talde guztia ere, "orain arte egin bezala". Bide beretik erantzun zieten gaztetxeko kideek, aipatuz haiek ere "negoziaketara irekita" egon direla prozesua hasi zenetik, baina Elizak eta udalak pausorik eman ez izana mahaigaineratu zuten. Arregik, galdetu zien ea "zer den udalak erantzukizuna hartzea", eta zer egin beharko lukeen erakundeak orain arte egin ez duenik: "Zuekin batera elkartu eta proposamena egin genion Elizari; hori ez al da pausoa ematea". Gazteen aburuz, ordea, udalak ez du "muturrera" eraman Elizondo eraikinarentzat Elizari egindako kontratu proposamena. "Elizbarrutiak aipatu digu ez duzuela kontratuarekin aurrera egin; udala izan zen eraikinera sartzera animatu gintuena, eta bertara sartu garenetik ez da beste urratsik egin", esan zuten gazteek. Alkateak, kontrara, aipatu zuen Elizondo eraikina Elizaren jabetzako eraikin publikoa dela, eta udalak dituen baliabideekin ezin duela "izaera erlijioso pribatua duen erakunde baten eraikina erosi". Gaztetxekoek azpimarratu zuten "beste aukera batzuetara" irekita ere badaudela, eta hainbatetan aipatu dutela hori publikoki, baldin eta espazioa "herriko gazteen beharrak betetzeko moduko eraikina baldin bada". Alkateak, amaitzeko, berretsi zuen gaztetxeko kideekin biltzeko "prestutasun osoa" duela, baldin eta eztabaidarako eta "alternatiba gauzagarriak" egiteko prest badaude. "Ezin dugu prebarikatu; gauzak ez dira errazak". Gazteek hainbat proposamen egin izan dizkietela aipatu zuten. Halaber, desalojoa gelditzeko "ahalegin guztia" egingo dutela nabarmendu zuten. 

Beatriz Zubiaren agurra

Zestoako EH Bilduko Beatriz Zubia zinegotziak kargua utzi du. Atzokoa izan zen haren azken udalbatzarra, hainbat urtez zinegotzi karguan egon ostean. Era guztietako esker mezuak jaso zituen Zubiak, eta egindako lana aitortu zioten EH Bilduko zein EAJko ordezkariek. Mikel Arregi alkateak, bere aldetik, kalean zein udaletxean egindako ekarpena eskertu zizkion alderdikideari. "Badaude zerbait berezia duten pertsonak, eta horietako bat da Beatriz; kalekoa, sentsibilitatea duena...", esan zuen. Zentzu horretan, Zubiak gizarte arloan egindako lan guztia ekarri zuen gogora Arregik, eta aipatu zuen "zaila" izango dela profil eta izaera horretako kideak bilatzea. EAJko zinegotzi Garikoitz Mendizabalek ere esker mezuak izan zituen Zubiarentzat. 

Zubiak, bere aldetik, bere taldeari egindako lan guztia aitortu eta eskaerrak eman zizkion. "Ez da erraza horrelako lekuetan egotea, dedikazioa, konpromisoa eta denbora eskatzen du honek. Beraz, eskerrik asko herria hobetzeko lan egiteagak". Alkatearentzat hitzak ere izan zituen, gogora ekarriz Arregiren agintaldiak momentu zailak izan dituela. "Une zailetan ere ez duzu norabidea galdu; iparra argi izan duzu beti, eta hori izugarrizko ikasketa da. Gauza asko utzi dituzu albo batera herriaren alde, ikusten ez diren gauza asko egin dituzu, eta, horrenbestez, eskerrak", adierazi zion Zubiak alkateari. Amaitzeko, olerki bat irakurri zuen, hunkituta. 

Garikoitz Mendizabalek galdetu zuen ea badakiten nork ordezkatuko duen Zubia. EH Bildukoen arabera, oraindik ez dute zehaztu nor izango den ordezkoa. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide