San Joan bezpera da gaur, eta ospakizun betean murgildu dira festa egun horren izena duen Zestoako adinekoen egoitzan. Izan ere, senideen eguna ospatu dute han, eta era berean, orain gutxi eraikina handitzeko egin dituzten lanen berri ere eman dute.
Izan ere, egoitzari itsatsita zegoen kaperan egoiliarrentzako logelak atondu dituzte, eta, horrela, gaur-gaurkoz, 40 plaza daude egoitzan. Joseba Illarramendi San Juan fundazioaren zuzendariak azaldu duenez, lehen kapera funtzioa betetzen zuen gune horrek, baina jada haren erabilera oso murritza zen, eta gizartearen zahartzeari eta herrian zen beharrari erantzuteko baliatu dute gunea. "Lehen egunero meza izaten zen kaperan, garai hartako gizartearen isla. Hori indarra galtzen joan zen, eta azken urteetan kasik ez zen erabiltzen". 2023an hasi zituzten hura egokitzeko lanak, eta "nahiko azkar" amaitu dituzte, urtebetean. Kapera zen lekuan hamar gela berri egin dituzte: hamar banakako logela, bakoitza bere komunarekin. Aldundiak bultzatu nahi duen eredu berriarekin bat egiten du horrek, Illarramendik nabarmendu duenez. "Hamar gela berri ditugu, baina 36 plaza izatetik 40 izatera igaro gara; hau da, lau plaza gehitu ditugu. Izan ere, aldundiak eskatzen du plazen %75ek banakako gelak izan behar dutela. Hori horrela, lehen bikoitzak ziren gela batzuk banakako bilakatu ditugu, eta gela berriekin, guztira 40 plaza izatera igaro gara". Duela hilabete eskuratu dituzte eraikin berriaren baimen guztiak, eta ordutik dago martxan ofizialki eremua.
Mikel Arregi Zestoako alkateak eta San Juan fundazioaren lehendakariak egoitza handitu izanaren balorazio "oso positiboa" egin du, iruditzen zaiolako egoitzetan kudeaketa pribatua nagusitzen ari den garai honetan, "herriko ereduak" sustatu behar direla zaintzaren esparruan. Zestoa horren "eredu" dela nabarmendu du.
Senideen eguna, jai giroan
Erakin berria familien eguna ospatu duten egun berean aurkeztu dute, eta jai giroa izan da nagusi gaurkoan San Juan egoitzan. Illarramendik berak eta egoitzako beste langile batek trikiti doinuak eraman dituzte egoiliarren artera, eta pieza eta pieza artean, hitz batzuk esan nahi izan dituzte.
Illarramendik adierazi duenez, 2019az geroztik ezin izan dute ospatu senideen eguna egoitzan; pandemia tarteko,lehenik, eta obrak direla eta, ondoren. "Urteetan ezin izan dugu ospakizun hau egin, eta plazera da berriro zuekin elkartzea". Jarraian, eskerrak eman dizkie San Juaneko "familia osatzen duten langile denei, bihotz-bihotzez". Fundazioko zuzendaritzako kide den Ixiar Larrañagari aipamen berezia egin dio, ia 40 urte daramatzalako ardura horretan, eta Beatriz Zubiari ere zuzendu zaio, aurki zinegotzi kargua utziko duelako, eta horrekin batera, baina fundazioan duen ardura ere. Txalo zaparrada luzea izan da bientzat.
Arregik, bere aldetik, egoitzan topatu duen giroan jarri du arreta. "Kalea triste zegoen, eta hemen sekulako giroa aurkitu dut. San Juan fundazioak, langileek eta egoiliarrek gune hau hobe egiten duzue, eta gune hau hobea izateak Zestoa ere hobea egiten du. Segi dezagun bakoitzak bere alea jartzen eta herri hobea egiten", esan du.
Senide batzuek ere hartu dute hitza, eta San Juan egoitzako langileei eskerrak eman dizkiete, egiten duten lan guztiagatik. Esker eta hitz politen ostean, bertso eta dantza artean amaitu dute ekitaldia. Era berean, aste honetan urteak bete dituzten bi egoiliarri Zorionak abestu diete.