Zestoako 22. Ibilaldi Neurtuan izena emateko azken egunak dira

Intza Trula 2024ko eka. 12a, 09:00

Iazko Zestoako Ibilaldi Neurtuko irudia. (Mikel Anabake)

Larunbatean, hilaren 15ean, egingo dute Zestoako 22. Ibilaldi Neurtua, Zestoa-Urepele senidetze egitasmoaren barruan ospatuko duten Urepele Egunean. Parte hartu nahi dutenek ostiralera bitarte dute izena emateko aukera.

Zestoa-Urepele senidetze egitasmoaren barruan hainbat jarduera antolatu dituzte ekainean Zestoan: Agiro mendi taldeak antolatutako Zestoako 22. Ibilaldi Neurtua da horietako bat. Larunbatean, hilaren 15ean, jarri dute ibilaldirako hitzordua; hain justu, egun horretan ospatuko duten Urepele Egunaren barruko lehenengo jarduera izango da. Agiro mendi taldeak jakinarazi duenez, ibilaldian parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea, eta interesa dutenek ostiralera arteko epea dute horretarako, herrikrosa.eus webgunean.

Aurreko edizioetan bi ibilaldi jarri izan dituzte aukeran, baina aurtengoan ibilaldi motza bakarrik egingo dute, 15 kilometrokoa. 08:00etan aterako dira mendizaleak, eta Mikel Irure Agiro mendizale taldekoaren esanetan, Zestoako bailak ezagutarazteko prestatu dute ibilaldi neurtuko ibilbidea: "Eguneko beste ekintzetan parte hartu ahal izateko, ibilbide bakarra eta motza egitea erabaki dugu. Urepeldarrak etortzen badira ere, gure ingurua ezagutarazteko ibilbide berezia prestatu nahi izan dugu: Ekain aldera joko dugu, eta Sastarrain bailara erakutsiaz Ekain gailurra egingo dugu, eta gero Olazabal gainetik Sagarreta aldera joango gara, eta handik Aittolako gurutzera. Hamaiketakoa Aittolan egingo dugu, eta gero Goltzibartik barrena Etorra bailaratik etorriko gara herrira". 12:00ak bueltarako ibilaldia denek bukatuta izatea nahi dute, eguneko gainontzeko ekitaldietan urepeldarrekin parte hartzeko.

Halaber, larunbatean, Urepele Egunaren barruan, Zestoako eta Urepeleko ekoizleen eta artisauen azoka ere egingo dute, 11:00etatik 13:00etara. Gainera, 12:00etan, kalea girotzeko Klika txarangarekin kalejira egingo dute, Urepeletik etorriko diren hogei bat musikarirekin. Jarraian, bazkaria egingo dute plazan, Agiroko mendi taldekoek eta jubilatuen elkartekoek prestatuta. Bazkalondoan kantaldia egingo dute, eta mahai bueltako giroa bukatutakoan, urepeldarrak beren herrira itzuliko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide