Ehunka lagun atera da kalera Zestoan, Gaztetxearen alde

GUKA Telebista 2024ko ots. 4a, 19:53

Zestoako Gazte Asanbladak deituta, manifestazioa egin dute gaur eguerdian herriko kaleetan Zestoako Gaztetxearen alde, Gaztetxea defendatu, desalojoa gelditu lelopean. Ehunka izan dira mobilizazio deialdiarekin bat egin dutenak, eta horien guztien sustengua eskertu dute gazte asanbladako kideek. Zestoako Gaztetxe berria desalojo arriskuan dago, horrela adierazi baitzuen duela astebete Azpeitiko Epaitegiak plazaratutako epaiak. Horrenbestez, egoeraren larriaz jakitun, mobilizazioa egin dute Zestoan. Askotarikoak izan dira entzun diren aldarriak, besteak beste, gaztetxearen aldekoak, Elizaren kontrakoak, udalari ardura eskatzekoak eta espazioa defendatzera dei egiten zutenak. Egoeraren testuinguraketa eginda, auzian era batera edo bestera eragina izan duten erakundeak jarri dituzte jopuntuan hala nola, Eliza eta udala. Horiez gain, azken asteetan haien kontrako kriminalizazioa sustatu duten “fauna eskuindar eta erreakzionarioa” onartuko ez dutela adierazi dute. Plazan hasi eta plazan bukatu da manifestazioa. Borroka prozesuan zehar ondoan izan dituzten kideei eskerrak emanez hasi dute hitzartzea, eta borrokan jarraituko dutela berretsiz borobildu dute manifestazioa. Era berean, gogoratu dute otsailaren 24an gaztetxearen urteurrena ospatuko dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide