Donostiako Elizbarrutiak "iritzia aldatzeko asmorik ez" du Elizondo eraikinaren aferan

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 23a, 18:16

Zestoako Gaztetxe berria, Elizondo eraikinekoa. (Utzitakoa)

Demanda judiziala "indarrean mantentzeko" eta eraikinean jarduera "lehenbailehen berreskuratzeko" prestutasuna agertu du Elizbarrutiak. Adierazi du "delitu eta gehiegikeria nabarmen" gisa hartzen duela Elizondo eraikinaren okupazioa, eta "ulertezina" dela adierazi du. Elizbarrutiaren iritziz, gazte asanbladak "ez du Zestoako gazteria ordezkatzen". Erakundeak dei egin dio Zestoako alkateari kristau-elkartearen jabetzak errespetatu eta kristau elkarteko kideak babes ditzan. Bihar epaituko dituzte Zestoako Gazte Asanbladako bi gazte, Azpeitiko epaitegian, 09:30ean.  

Duela ia urtebete hasi zen Zestoako Gazte Asanbladak okupatutako Elizondo eraikinaren afera, eta ordutik publikoki isilik egon ostean, prentsa oharra kaleratu du gaur Donostiako Elizbarrutiak auziaren inguruan egiten duen irakurketa plazaratuz. Zorrotz mintzatu da Elizbarrutia, eta adierazi du  "delitu eta gehiegikeria nabarmen" gisa hartzen duela Elizondo eraikinaren okupazioa. Era berean, nabarmendu du Gotzaindegiak "iritzia aldatzeko asmorik ez" duela "Elizondo eraikinaren okupazio bortitz eta gehiegikeriazkoaren inguruan". Zehazki, adierazi du, demanda judiziala "indarrean mantentzeko" eta eraikinean jarduera "lehenbailehen berreskuratzeko" prestutasuna duela. Halaber, azken asteotan Euskal Herrian zehar Zestoako Gaztetxearen alde egin dituzten ekintzen inguruko irakurketa egin du Elizbarrutiak. Zestoako Gazte Asanbladako kideen epaiketaren atarian plazaratu du oharra erakunde kristauak. 

Alde batetik, Elizondo eraikinaren okupazioa testuinguratu du erakundeak: "2022. urtearen amaiera eta 2023. urteko otsaila bitartean, Zestoako Udalak interesa azaldu zion Gotzaindegiari Elizondo etxearen inguruan, Zestoako Gazte Asanblada izeneko kolektiboak erabiltzen zuen herriko beste toki batean kokatutako Gaztetxe bat birkokatzeko asmoarekin. Gazteak zeuden tokitik irten egin behar zuten, udalak gune horretan hasi behar zituen lanak zirela eta. Udala eta Gotzaindegiaren artean inolako akordiorik lortu baino lehen, erabiltzen ziren Elizondo etxeko parrokiaren lokalak okupatuak izan ziren".

"Gotzaindegiak uste du delitu eta gehiegikeria nabarmena egin dela erabilera duen jabetza baten aurka". 

Bestetik, Elizbarrutiak azaldu du 2023ko otsailaren 22an jakinarazi ziotela Gotzaindegiari Zestoako Gazte Asanbladako zenbait gaztek Elizondo etxea okupatu zutela, "sarrailak lehertuz eta beste batzuengatik aldatuz, jabetza pribatu hori gehiegikeria eta bortizki okupatuz". Orduz geroztik, gazte asanbladako kideak eraikinean jarraitzen dutela nabarmendu du erakundeak, hori bai, "Gotzaindegiaren kontrako iritziarekin": "Gotzaindegiak uste du delitu eta gehiegikeria nabarmena egin dela erabilera duen jabetza baten aurka". 

Eraikinaren erabileraz eta negoziazioaz

Elizbarrutiaren arabera, "ez da egia [Elizondo] etxea egoera txarrean zegoenik" gazte asanbladako kideak bertara sartu zirenean, eta gaineratu dute Elizak askotariko jarduetarako erabiltzen zuela orubea: "Etxea hutsik eta egoera txarrean zegoela esanez justifikatu zuen okupazioa gazte asanbladak. Okupaziora arte, etxe hau katekesirako eta parrokiako ekintza ezberdinetarako eta bileretarako erabiltzen zen. Parrokiak, Zestoako herritarrei bainugelak erabiltzeko aukera ematen zien -bainugela publiko gisa-, baita herriko taldeen beste jarduera batzuetarako ere, herriko eragile ezberdinen bilerak, musika-talde baten entseguak, sahararrei laguntza etb. Gazte Asanbladak eraikina bortizki okupatuz geroztik, parrokiak ezin izan du erabili". Horrenbestez, katekesiko haurrek beraien jarduerekin jarraitzeko Elizako sakristiara joan behar izan dutela esan du eragile kristauak, "beharrezko baldintzak betetzen ez dituen leku batera", hain zuzen.  

"Gazte Asanbladak bortizki okupatuz geroztik, parrokiak ezin izan du eraikina erabili"

Gotzaindegia, "une oro" gazte asanbladako gazteekin "hitz egiteko prest" egon dela adierazi dute oharrean, baina "baldintza bakar bat" jarriz: "ezer baino lehen, lokala borondatez eta modu baketsuan uztea". Asanbladak eraikina uzteko asmorik ez duenez, Gotzaindegiak Zestoako parrokiaren izenean, ahozko epaiketako demanda jarri dio Zestoako Gazte Asanbladari, "Zestoako parrokiaren jabetza duen aldameneko Elizondo etxea okupatu izanagatik". Bihar izango da epaiketa Azpeitiko epaitegian, 09:30ean.

Elizbarrutiaren hitzetan, Gazte Asanbladaren jardunak "kezka" sortzen dio "parrokiari, Zestoako herriari eta Gotzaindegiari", eta uste dute asanbladak ez duela Zestoako gazteria ordezkatzen: "Gazte Asanblada ekitaldi ludikoak, kontzertuak, eta abar antolatzen ari da etxe horretan, non beste pertsona batzuk ere parte hartzen ari diren inolako baimenik gabe; horrek parrokiari, Zestoako herriari eta Gotzaindegiari kezka sortzen dio. Ulertezina da kristau elkartearen eta bere jabetzen aurkako gehiegikeria eta jarrera bortitz hori gazte talde txiki baten eskutik, zeinak, argi eta garbi, ez duten Zestoako gazteria ordezkatzen". 

Aldi berean, Zestoako alkateari eta gainerako agintariei ere zuzendu da erakunde kristaua, eta eskatu dio kristau-elkartearen jabetzak errespetatzeko eta Zestoako kristau elkarteko kideak babesteko, "gainerako herrikideen arreta eta babes berbera merezi baitute". 

Askotariko protestak eta erreakzioak

Egunotan hautsak harrotu dituzte Zestoako Gaztetxearen alde Gipuzkoan, eta, oro har, Euskal Herri osoan zehar egin dituzten ekintzek, horien artean asteburuan Zestoako parrokian egindakoak. Gipuzkoan 700 apostasia eskaera baino gehiago erregistratu dituzte. Ekintza horiez ere mintzatu da Donostiako Elizbarrutia. 

"Urtarrilaren 14an Zestoako eta inguruko Gipuzkoako herrietako zenbait kristau-elkarte, giltzarrapoak ateetan, silikona sarrailetan, pintadak eta paskinekin topo egin zuten, kristinau-elkartea jazarri eta seinalatuz. Kristau-elkarteren batean, igandeko meza bertan behera utzi behar izan zuten, parrokira sartzerik izan ez zutelako. Horrek guztiak, gizatalde bat seinalatzea suposatzen du, arrazoi faltsuz eta errealitatea faltsuetan oinarrituz, eta aurreikusi ezin diren ondorioekin", azaldu dute.

Era berean, Defentsa Komunitateak eta Zestoako Gaztetxeak Donostiako Artzain Onaren Parrokian egindako protesta ekimena ere gaitzetsi du Elizbarrutiak, eta esan du "fedenunen setsibilitatea mindu" zutela. Horrela kontatu dute: "Ehun bat lagunez osaturiko talde handi bat, batik bat gazteak, elkarretaratze dei baimendutako bati erantzunez Donostiako Artzain Onaren Katedralaren aurrean elkartu ziren hilaren 19an. Kontzentrazioaz harago, horietariko hirurogei pertsona baino gehiago elizan sartu, eta, oihuka, paskinak bota zituzten, baita aldarean ere, fededunen sentsibilitatea minduz, bai eta gero, sare sozialetako kontu ezberdinetan zintzilikatu zituzten argazkiak ateraz. Gotzaindegiak gertaera bidegabe eta eraso horiek guztiak salatu ditu".

Artzain Onaren Katedralean egindako agerraldiko irudia. (Defentsa Komunitatea)

Zestoako parrokiko gertakarietan ere jarri dute arreta: "Iragan igandean, urta,rrilak 21, Zestoako parrokian egiten ari zen ospakizunean, pankarta bat zeramaten aurpegia estalitako pertsona batzuek oihuka, aldarera igoz ekitaldi erlijiosoa eten zuten. Adineko jendeak, hau da, ahulenak, asko sufritu zuen talde horren gehikeriaren ondorioz". Elizbarrutiaren hitzetan, "pertsonen oinarrizko giza eskubideen urraketa argia" izan zen igandekoa, erlijio-askatasunaren eta biltzeko eskubidearen urraketa, hain zuzen.

"Estrategikoki antolaturiko jarduera baten barruan erabiltzen den indarkeriak, giro zibiko-sozial oso kaltegarria sortzen du bizikidetza baketsu baterako"

Horrenbestez, Elizbarrutiko ordezkariek "elkartasuna" erakutsi diote Zestoako kristau-elkarteari, baita "arazo hau pairatzen" ari diren Gipuzkoako gainerako kristau-elkarteei ere: "Gizarte batean, estrategikoki antolaturiko jarduera baten barruan, sistematikoki erabiltzen den indarkeriak, giro zibiko-sozial oso kaltegarria sortzen du bizikidetza baketsu baterako, eta, balio etiko-moralak galtzea dakar. Horregatik, Gotzaindegiak ez du bere iritzia aldatzeko asmorik Elizondo eraikinaren okupazio bortitz eta gehiegikeriazkoaren inguruan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide