Zestoako Gazte Asanbladari "elkartasuna adierazteko" hainbat pertsona mezara sartu izanak hautsak harrotu ditu herrian

Ane Olaizola 2024ko urt. 23a, 14:23

Hainbat pertsona Zestoako elizako aldarean, igandean, pankartarekin. (Zestoako Gazte Asanblada)

Joan den igandean, Zestoan meza nagusia egiten ari zirela, hainbat pertsona elizara sartu ziren, Eliza diruzale, espekulatzailea. Gaztetxearen desalojoa gelditu! pankartarekin. Udal gobernuaren iritziz, gertatutakoa ez da "zilegia", eta EAJk onartezintzat jo du "jendea beldurtzeko mehatxu giroa" sortzea. Erreakzioen aurrean, Zestoako Gazte Asanbladak azaldu du "elkartasun ekintza" izan zela, eta ez "beldurra sortzeko" asmoz egindakoa. Bihar epaituko dituzte bi gazte, Elizondo eraikinaren okupazioaren harira.

Elizondo eraikina okupatzeagatik Zestoako Gazte Asanbladako bi gazteren aurkako epaiketaren atarian eta Gipuzkoan 700 apostasia eskaera baino gehiago erregistratu ostean, Elizaren eta Gazte Asanbladaren arteko aferak soka are gehiago tenkatu du egunotan herrian. Izan ere, gazteei "elkartasuna adierazteko asmoz", hainbat ekintza gauzatu dituzte azken egunetan: joan den igandean, esaterako, hainbat pertsona Zestoako elizan sartu ziren meza nagusiaren orduan, gaztetxearen desalojoa bertan behera uzteko eskatuz. Aurpegia eta gorputza zuriz estalita, Eliza diruzale, espekulatzailea. Gaztetxearen desalojoa gelditu! zioen pankarta zeramatzatela joan ziren hainbat lagun mezara, eta diru-paper faltsuak bota zituzten lurrera.

Gertakariak askotariko erreakzioak sortu ditu Zestoan, eta udal gobernuak ohar bidez plazaratu du igandean gertatutakoa ez dela "zilegi", herriko kristau komunitateak bere sinesmen jarduerak egiteko "eskubide osoa" duelako eta igandean "erlijio askatasunerako eskubidea urratu" zitzaiolako. "Norbere askatasuna besteena urratuaz aldarrikatzea ez da bidezkoa", azaldu du.

Udal gobernuaren arabera, Elizaren hierarkia eta eta Zestoako kristau komunitatea "maila berean" jartzea "akats onartezina" da: "Jakin badakigu herrigintza ikuspegitik herriko Eliza komunitateko kide asko Elizaren ondarea esku publikoetara pasatzearen alde dagoela, eta zubiak eraikitzeko garaian, zubiak apurtzeak helburua urrundu eta zaildu besterik ez du egiten".

Bestalde, taldeak azpimarratu du Elizak ondare material "handia" pilatua duela, eta haren arabera, hark egun ez du ondare hori guztia "behar bezala kudeatu eta mantentzeko gaitasun humano eta materialik". Hori hala, bere ondarea "herriaren zerbitzura" jartzeko deia luzatu dio Elizari, eta bide horretan, udala prest azaldu da Elizarekin elkarrizketan jarraitu eta "denen onerako izango den herriguneko zein auzoetako azpiegituren inguruko akordio orokorra" sinatzeko. Konkretuki, Elizondo zentroa "herriko gazte mugimendu zein kultur jardueretarako gune aproposa" dela deritzo udal gobernuak, eta udala gunea berreskuratzeko "ahaleginak egiten jarraitzeko prest" dagoela azaldu du, baina horretarako, "herri ikuspegia lehenetsiz denen laguntza" beharrezkoa izango dela azpimarratu du.

EAJ: "Jokaera zapaltzailerik ez"

Zestoako EAJk ere azken egunetako gertakarien irakurketa plazaratu du. Alderdiak onartezintzat jo du "jendea beldurtzeko mehatxu giroa" sortzea eta Zestoako parrokian eta inguruko hainbat elizatan "kalteak" eragitea. Izan ere, EAJren arabera, Iraetan, Arroagoian, Arroabean, Aizarnan eta Gipuzkoako beste hainbat herritan, parrokiko hormetan pintadak egin dituztelako, ateak katez eta giltzarrapoz itxi dituztelako eta sarrailak silikonaz zigilatu dituzte azken asteetan.

Jeltzaleek Zestoako Gazte Asanbladari galdegin diote okupazioarekin amai dezatela eta atera daitezela Elizondo eraikinetik. "Gaitzesgarria da, ez delako zuzena, besteren jabetzakoa den etxea inork beretzako hartzea, besterik gabe eta jabearekin ados jarri gabe okupatuz eta bereganatuz".

Alderdiak elkartasuna adierazi die "jokabide bidegabe hori" jasan duen kristau elkarteari, eta ohartarazi du ez duela onartuko "jokaera zapaltzailerik" herrian. Horrez gain, udal gobernuaren jarrera ere salatu du EAJk, haren posizioak "haizea" ematen diolakoan Zestoako Gazte Asanbladaren okupazioari, "Elizaren jabetza errespetarazteko bere esku dagoena ez egiteagatik".

Asanblada: "Elkartasun ekintzak"

Erreakzioen aurrean, bestalde, Gazte Asanbaldak "hainbat argipen" plazaratu nahi izan du. Haren arabera, "ulergarria" da igandeko gertaerak kristau komunitatean sortu duen "haserrea", baina argitu du taldea ez doala "fededunen aurka", baizik eta "Eliza katolikoaren erakundeen jarrera" duela jomugan. Haren arabera, "elkartasun ekintzak" izan dira, eta ez "beldurra sortzeko" asmoz egindakoak: "Ez al da beldurgarriagoa bi gazte, isun handiak erortzeko arriskuarekin gainera, epaituak izatea asteazkenean? Milaka eurotako isunak jasan behar izatea eraikin huts eta zaharkitu bati erabilpen etiko bat ematen saiatzeagatik?".

Zestoako Gazte Asanbladak berretsi egin ditu gaztetxearen "zilegitasuna" eta hura defendatzeko duen asmoa. Hori hala, bihar 09:00etan Azpeitiko Epaitegiaren aurrean egingo duten elkarretaratzea joateko deia luzatu die herritarrei, han epaituko dituzte bi gazteri babesa adierazteko eta desalojo prozesua geldiaraztea eskatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide