Enetz Izeta eta Amaiur Gartzia: "Negoziatzera eseri nahi dugu eta egoera honi konponbidea eman"

Intza Trula 2024ko urt. 17a, 12:00

Duela ia urtebete Zestoako Gazte Asanbladak Elizarena den Elizondo eraikina okupatu zuen. Aferari lotuta herriko bi gazte epaituko dituzte hilaren 24an Azpeitiko Epaitegian.

Elizarekin tirabirak izaten ari da Zestoako Gazte Asanblada joan diren 11 hilabeteetan. Izan ere, otsailaren 20an urtebete beteko da asanbladak gaztetxea lekualdatzeko prozesua etenda zegoela ikusita, Elizaren jabetzakoa den Elizondo eraikinera (Zentroa) sartzea erabaki zuenetik. Asanbladako bi kide dira Amaiur Gartzia (Zestoa, 2002) eta Enetz Izeta (Zestoa, 2002). Gaiari lotuta bi gazte epaituko dituzte gaur zortzi, Azpeitiko Epaitegian, eta bertan zehaztuko dute desalojo eguna ere.

Duela urtebete Elizarena den Elizondo eraikinean sartzeko erabakia hartu zenuten, udalak espazio bat utzi arte itxaron beharrean. Zergatik?

AMAIUR GARTZIA: Zehazki, otsailaren 20an urtebete beteko da Zestoako Gazte Asanblada Zentroko eraikinera sartu zenetik. Gaztetxea lekualdatzeko proiektua duela hiru urte jarri genuen martxan; Zestoako Udalak egin zigun proposamena, gaztetxe bat izateko leku aproposa izan zitekeelakoan. Hori horrela izanik ere, ondoren ikusi genuen udalaren, Elizaren eta Zestoako Gazte Asanbladaren arteko negoziaketak blokeatu egin zirela, eta horregatik hartu zuen asanbladak eraikina okupatzeko erabakia.

Zer du Elizondo eraikineko lokalak besteak ez duena?

A. M. : Gaztetxea orain arte zegoen lekuak ez zuen inolako segurtasun neurririk betetzen, ez suteei dagokienez, ez aforoari dagokionez, ezta irisgarritasunari dagokionez ere. Herriko leku altu batean kokatuta dago eraikin hori, eta ia ezinezkoa da bertan intsonorizazio lanak egitea. Zentroko eraikinak horri guztiari konponbidea ematen dio; beheko soilairuan dago lokala, kontzertuak egin ditugunean ikusi da kanpotik ez dela ia ezer entzuten, eta hori aldatzeko intsonorizazio proiektu txiki bat besterik ez genuen egin beharko. Gainera, Kultur Etxea dago eraikin zaharrean, eta beraz, ezin dira bi ekitaldi batera gauzatu. Azkenean, gaztetxeak beste taldeen jarduna oztopatzen zuen bertan. Zentroko lokalean ez dugu inor molestatzen; goiko solairuan hitzaldi bat antola daiteke, eta behean kontzertu bat, inongo arazorik gabe. Sekulako aukera ematen digu espazioak, eta herritarrek ere ikusi dute hori.

Iazko otsailean bertan, Ertzaintzak asanbladako sei kide identifikatu zituen. Nola erantzun zenuten horren aurren?

ENETZ IZETA: Asanbladak Zentroa okupatu zuela iragarri zuen momentuan Ertzaintza azaldu zen bertara, eta eraikinaren kanpoan zeuden sei kide identifikatu zituen. Horrez gainera, mehatxatu egin zituzten: barruan zegoen herritarra ateratzen ez bazen beraietako bat eramango zutela esan zieten.

Nolakoa da gaur egun Elizaren, udalaren eta asanbladaren arteko harremana?

E. I. : Gu negoziatzeko prest gaude hasieratik, baina Eliza oztopo asko jartzen ari da. Orain gure aurkako prozesu judiziala hasi du, zibiletik, eta, ondorioz, datorren astean izango dute bi herritarrek epaiketa Azpeitian.

A. G. : Otsailean Ertzaintzak asanbladako sei kide identifikatu zituen, eta horietako baten aurkako salaketa jarri zuten. Apirilean izan zen epaiketa, eta absolbitu egin zuten. Maiatzean esan ziguten Zentrotik gure kabuz irteten ez baginen prozesua zibiletik jarriko zutela martxan. Uztailean iritsi zitzaigun bigarren jakinarazpena, eta urtarrilaren 24an izango da bide zibiletik herriko bi gazteren aurkako epaiketa. Denbora honetan udalarekin eta Gotzaindegiarekin harremanetan jartzeko eta egoerari ahalik eta irtenbide onena aurkitzeko saiakera guztiak egiten ari gara. Esan beharra daukagu, orain udala ere ari dela saiakera batzuk egiten, baina Elizak jaramonik egin gabe jarraitzen du.

Aipatu duzuen moduan, hilaren 24an izango da herriko bi gazteren aurkako epaiketa. Zer egozten diete bi gazte horiei?

A. G. : Usurpazio delituagatik epaituko dituzte, eta 70.000 eurainoko isuna jaso dezakete. Apur bat kezkatuta gaude, zer etorriko denaren esperoan.

Zer egoeratan aurkitu zenuten Zentroko eraikinia sartu zinetenen egunean?

E. I. : Oso egoera txarrean aurkitu genuen. Dena erortzeko zorian zegoen. Horrez gainera, egokitu egin dugu espazioa, eta eszenatoki txiki bat ere jarri dugu kontzertuak emateko. Oso zikina zegoen guztia.

A. G. : Garbi ikusten zen eraikina abandonatuta zegoela, eta orain Elizari axola zaion gauza bakarra negozioa egitea eta dirua lortzea da. Negargarri zegoen beheko solairua, eta auzolanaren bitartez, konponketak egiten ari gara.

Denbora honetan ekintza sozialak eta kulturalak antolatu dituzue Zentroko gaztetxean. Hori Elizari eta udalari ikusaraztea al da zuen asmoa?

E. I. : Guk nahi duguna da beraiek ikustea horrelako leku batean gaztetxe bat izateak zer aukera ematen dituen. Zentroko eraikinean askoz ere gauza gehiago egin ditzakegu. Herriaren erdian dago, eta festetan ere ireki egin genuen. Herritarrek oso ondo hartu zuten hori.

Apostasia kolektiborako kanpaina abiatu duzue duela gutxi. Zer helburu ditu?

A. G. : Apostasia kolektiborako kanpaina egokia iruditu zitzaigun egoera honi aurre egiteko. Gotzaindegiari presioa egiteko eta bere interes ekonomikoak alde batera uzteko eskatzeko abiatu genuen batik bat. Negoziatzera eseri nahi dugu, eta egoera ahalik eta modurik errazenean konpondu, baina Elizak dio ez dela hitz egitera eseriko eraikinetik ateratzen ez bagara. Gipuzkoa osoan zabaldu da Apostasia kolektiborako kanpaina, eta emaitzak amaieran emango ditugun arren, oso ondo doala esan dezakegu. Oso eskertuta gaude alde horretatik.

Epaiketa egunerako elkarretaratzea deitu duzue Azpeitiko Epaitegiaren aurrean. Zer asmorekin?

E. I. : Epaituko dituzten bi gazteei elkartasuna adieraztea da gure asmoa. Oraindik ez dakigu zer ordutan izango den, baina dakigunean jakinaraziko dugu.

A. G. : Nahiz eta 24an epaiketa eduki, Zestoako Gazte Asanbladak ez du bere jarduna etengo, eta ekintzak antolatzen jarraituko du. Urtarrilaren 26rako elkartasun jaialdi bat antolatu dugu, eta herriko hainbat taldek kontzertuak eskainiko dituzte egun horretan Zestoan. Bertako zein inguruko herrietako jende guztia animatzen dugu etortzera. Guk lanean jarraituko dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide