Zaparradak tarteko, furgonetan iritsi dira Errege Magoak Zestoara

Ihintza Elustondo 2024ko urt. 5a, 19:42

Aurten ez dira zaldi gainean etorri Meltxor, Gaspar eta Baltasar Zestoara, eta ohi baino ibilbide laburragoa egin dute. Hala eta guztiz, zestoarrak ez dira kikildu, eta jende ugari bertaratu da Errege Magoei harrera egitera.

Iragarritako orduan, 18:30ean, iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Zestoara, baina ez zaldi gainean, ohi duten gisan; eguraldi makurra eta zaparradak tarteko, furgonetan egin dute Zestoarako bidea. Gainera, ohi baino ibilbide laburragoa egin dute: Akoatik barrena, botikaren aurretik igaro, eta Erdikalean barrena elizara iritsi dira. Ekaitza eta euria eginagatik, zestoarrak ez dira kikildu, eta jende ugari bertaratu da elizara Errege Magoei harrera egitera. Musika bandak girotuta, umeek aukera izan dute Errege Magoei gutuna eskura emateko, haiekin argazkiak ateratzeko eta solasalditxoa izateko.  

Arroabean ere izan dira Errege Magoak. Han ere eguraldiak baldintzatutako harrera egin diete, baina horregatik ez da izan hotzagoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide